Ttipi-Ttapa egitasmoa bide onetik

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 18a

Udalak Osakidetzarekin, eta ETORBIZI fundazioarekin batera zahartze aktibo eta osasungarriaren Ekintza Planaren barruan, Ttipi Ttapa Ibilbide Osasungarriak proiektua martxan jartzeko bilera irekia egin zuen asteazkenean Biyak Bat elkartearen egoitzan.

Proiektuaren helburua, 60 urtetik gorako pertsonei astean behin oinez egiteko ordu, ordu eta erdiko ibilbide osasungarriak eskaintzea da. Dena herriko elkarteko boluntarioek koordinatuta izango litzateke. 

Boluntarioek ez dute zertan adineko pertsonak izan behar eta egitekoa ibilbideak dinamizatzea eta paseoetan laguntzea litzateke. 

Udalaren ustetan ariketa fisikoa egiteaz gain, proiektua tresna bat da herriko elkarte, talde eta pertsonek elkarrekin denbora pasatzeko eta era berean etxetik atera eta osasuna zaindu behar duten 60 urtez gorako pertsonak animatzeko eta elkarlanean sozializatzeko.

Bide onean

Asteazkeneko bileran lau ibilbide ezberdin adostu zituzten herrian zehar egiteko modukoak. Ibilbide motzena 2km eta luzeena berriz, 4,8km, bakoitzaren gaitasunen arabera egiteko modukoak beti ere eta errazak. Irteera leku bezala Okendo plaza izango zela zehaztu zuten. 

Bileran aktiboki parte hartzen ari diren herritarrak pozik azaldu ziren ekimenaren martxarekin eta gogoan izan zuten Endika Amilibia, zendu berria, proiektu honetan parte hartzen ari baitzen herritarra.