Lasarte-Oria eta Zubietako Udako Txokoetako txikiek guraso eta senideei egun hauetan ikasitako dantzak eskaini dizkiete. Banaka banaka taldeak aurreko asteetan prestatutako jantzi eta osagarriekin oholtzara igo eta aretora hurbildutako guztiek dantzarako duten abilezia ikusi ahal izan dute. "Zazpiko loroa", "Tiritatxo", "Panpoxa furgoneta" ... hainbat izan ziren haurrek dantzatutako doinuak.
Gurasoek adi jarraitu dituzte haien umeen ekintzak eta bideo eta argazki ugari atera zituzten emanaldian zehar.
Udako Txokoetako begiraleek ere parte hartu dute honetan. "Joxepa behia"-ren doinuarekin koreografia bat eskaini dute eta guraso eta haurren algarak entzun ahal izan dira aretoan.
Hala ere, jaialdi honek ez die amaiera ematen Udako Txokoei oraindik bi aste geratzen dira eta milaka abentura, irteera eta jolas dituzte herriko gaztetxoek.