Eskulangintza plazan, XXX. edizioan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 20a

Sendoki Kultur Batzordeak XXX. Santa Ana Eskulangintza Azoka antolatu du gaur Okendo eta Antonio Mercero plazetan. Lasarte-Oriako Udaleko Kultur Sailak lagunduta, Euskal Herri osoko txokoetatik etorritako artisau eta eskulangileak bildu dira herrian. Horietako 14 lasarteoriatarrak izan dira eta eguraldi ona lagun, gozatua hartu dute herritarrek han eta hemengo produktuak ikusi eta erosiz.

Azoka goizean goiz hasi da, eta orduek aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago biltzen joan da Okendo eta Antonio Mercero plazetan banatuta zeuden 60 postuetan.

Bertan denetik aurkitu ahal izan dute herritarrek: egurrezko tailak, txotxongiloak, bitxiak, arropa, zeramika... hori artisau produktuei dagokienez, baina elikadurak ere izan du tokirik igandean: pastelak, taloak, ukenduak, gaztak, goxokiak... Dena artisauek eurek eskuekin egindako lanak.
Aurtengo berrikuntza nagusia ehorzirien topaketa izan da, Udaletxe azpiko arkupeetan jo eta su lanean aritu dira 36 bolillera, Errenteria, Hernani, Irun eta Andoaindik etorrita. Lasarte-Oriakoak 21 izan dira. Haurrek eskulan tailerrak ere izan dituzte Okendo plazan.

Aiztoa Arbeitzentzat
Urtero bezala, Cesar Bozal labangileak Euskal Herriko sukaldari ezagun bati aiztoa oparitu dio bere ibilbidean egindako lan guztiaren omenaldi moduan.
Hilario Arbelaitzek jaso du aurtengoan saria eta bihotzez eskertu nahi izan die Bozali berari zein Sendokiri emandako tratu eta errekonozimendua.
“Produktu on bat gabe ez dago plater on bat sukaldatzerik, eta erreminta on bat gabe ezin da ezer prestatu, beraz, zorionak artisau guztiei egiten duzuen lanagatik eta segi aurrera“, adierazi du Arbelaitzek.
Pablo Barrio alkateak bere aldetik artisauen “lana, maitasuna eta gogoa“ goratu ditu eta zaindu beharreko alortzat jo du artisauena.
Sendoki Batzordeak azkenik eskerrak eman nahi izan dizkie 30. urteurrena betetzen duten honetan antolakuntza lanetan aritu izan diren guztiei eta bereziki gogoan izan dituzte bidean galdu dituzten kide eta lagunak.

Argazki galeria: XXX. Santa Ana Eskulangintza Azoka