Udal gobernutik jakitera eman dute, astearteko udalbatzarrean Gorka Lizarraga zinegotziaren epaiketa kostuen ordainketaren inguruan alderdiek azaldutako kontrako jarrera ikusita, ordainketa hau gelditu egin dutela. Araudi ezean, plenoko erabakiari gailentzen zaio alkatetzarena baina honekin ez guztiz ados, udal gobernuak plenoko erabakia kontutan hartu nahi du.
Oharra bere osotasunean:
"Lasarte-Oriako Udalak modu zuzenean eta legearekin bat jokatu du
Beste behin ere, orokorrean Lasarte-Oriako Udalaren eta Bilduren aurka eta zehazki Gorka Lizarragaren aurka zuzendu duten gurutzada berri honetan PSE eta PPren jarrera ez dela egokia izan deritzogu.
Guztiak ez du balio. Badakigu egungo sisteman alderdi politikoek lau urtetik behin ospatzen diren hauteskundeetan jasotzen dituzten bozen bidez jasotzen dutela beraien ordezkaritza. Eta ziur aski hauxe izango da denbora horretan horrenbestetan alderdi politikoon artean elkar kritikatzearen arrazoi nagusia. Beraz, uler dezakegu Udal gobernu baten jokaeraren edo kudeaketaren inguruko kritikak burutzea. Baina, kasu honetan PSE eta PPren jokaerak muga guztiak hautsi dituela eta azken aldian manipulazio saiakera larri bat sufritu dugula uste dugu.
Sententziaren jakitun dira, eta hala eta guztiz egun hartako gertaeren inguruko testigantza zehatz guztiak jasotzen dituen sententziaren aurrean beraien bertsio propioa gailentzea nahi dute.
Ondorioz, EHBilduk uste du ez dela posible epaiketa eraman duen epaileak garai hartan gertatuak argitzen dituen sententzia bat idatzi duenean modu honetako mozio bat aurkeztea. Momentu honetan sententziaren irakurketa zintzo bat egitea beharrezko dela deritzogu, nahiz eta PP eta PSEko ordezkariek diotenez errespetatu bai baina ados ez egon.
Izatez, agian, horrenbeste aldiz justiziara jotzen duten horiei oraingoan ados ez egotearen inguruko galderak egin beharko genizkieke. Gustu kontua al da? Gorka Lizarraga absolbitu duen epailea ez al zaie gustatzen? Agian, epai ez dator bat beraiek sortu nahi izan duten krispazio egoerarekin? Izanak izan, alderdi politikoen iritzietatik at gertaerak behar den bezala ezagutzea garrantzizkoa dela pentsatzen dugu.
-Hasteko, Alderdi Sozialistak, Alderdi Popularrak eta PNVk, modu nahikoa baldarrean prentsa bidez, Gorka Lizarraga zinegotzia gertaeren unean Alkate funtzioetan zegoela dudan jartzen dute. Oso ondo, bada duela hilabete batzuk, otsailean zehazki, honen inguruan zera zioen Jesus Zaballos PSEren ordezkariak: “El Sr. Zaballos apunta que encima en ese momento ejercía de Alcalde en Funciones.” Udalbatzarrean onarturiko otsaileko akta
Era berean, duela gutxi Gipuzkoako auzitegiak emaniko sententziako bukaerako ondorioetan honela dio:
“La intervención de Gorka Lizarraga en la inmediaciones del Bar Ilargi de Lasarte-Oria lo fue en su condición de Alcalde en Funciones y, en consecuencia, detentador de la Jefatura de la Policia Local, ante la tensión que la situación estaba generando. (9-10 orrialdeak)”
Sententziak Gorka bere funtzioei dagokien lanetan ari zela dio:
“El Alcalde en Funciones actuaba en el ejercicio de sus funciones ante una situación en un espacio público que estaba degenerando en un problema más grave que el originario (un exceso en el volumen de la música que motivó la queja de algún vecino” (Página 8)
Horrekin, PSE eta PPek aditzera eman nahi duten bertsiori buelta emanaz modu egokian azaltzen du Gorka ze egoeratan aurkitu zen momentu hartan. Funtzioetan zegoen alkateak ez zion inoiz Udaltzaingoaren eginbeharrei aurre egin eta ez zuen kontu administratibo baten inguruko erabakirik hartu sinestarazi nahi duten moduan. Ordenantzen jakitun, artekari lana egin zuen eta Udaltzaingoaren jokaera zuzendu zuen behar baino ondorio larriagoak izan zitzakeen krispazio egoera bat sortzen ari zelako. Beraz, ez zuen inolako arau-hausteri zegokion zigorrik ekidin PSE eta PPk aditzera eman nahi izan duten moduan eta bere ekimenak egoera baretu zuen.
PP eta PSEk garrantzia handia eman nahi izan dioten beste gai bat irainena izan da. Aldiz, kasua eraman duen epaileak erabilitako espresioak ez zirela zuzenak izan esan du eta horrela dio sententziak:
“Pero la intervención del Alcalde en Funciones y las expresiones precedentes recogidas en la sentencia reflejan la sorpresa, la irritación y la desaprobación que el proceder del agente 32 originaron en Gorka Lizarraga, en aquel momento Alcalde en Funciones del Ayuntamiento de Lasarte-Oria y, en consecuencia, por prescripción legal, detentador el día de los hechos de la Jefatura de la Policia Local.”
Beraz, espresioak zuzenak izan ez ziren arren, epaileak tentsio momentuaren eta krispazio egoeraren ondorio izan zirela irizten dio.
Bestetik, “Hijo de puta” iraina ere bereziki azpimarratu nahi izan dute lehenengo sententzian agertzen zelako akats bat zela medio. Baina, ez da inondik inora ere, ez udaltzaingoaren ezta Ertzaintzaren testigantzen transkripzioetan agertzen eta modu horretan irakur daiteke sententziaren 8. eta 9. orrialdeetan.
Hala ere, Gorka defendatu zuen abokatuaren minutaren ordainketari dagokionean, egia da ez dugula ez batzorde informatiboetan ezta plenoan kontsulta egin zenbateko onarpena izango zuen jakiteko. Agian beste era batetara egin beharko genuen, baina egiari zor, ez genuen hori egiteko beharrik ikusi, Kontu-hartzaileak udalbatzarrean esan zuen moduan, bere lanak eragindako gastu batzuk baitziren eta legeak ordainketari hori aurreikusten baitu.
Azken finean, gure ustetan zoritxarrez epaitegietan bukatu duen jokaera egoki batekin eskandalu bat sortzeko saiakera bat izan da guzti hau".