Udarako kale egitaraua martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 12a

Lasarte-Oriako kaleak girotu eta bizitu asmoz, Udalak hainbat kultur ekimen jarri ditu abian Udararako. Asteburu honetan esaterako Astokillo antzerkia eta The Boogalords & Mary Jo musika taldea izan dituzte herritarrek gozagarri. Datorren astean berriz, Futbolin filma Okendon, Salitre teatroaren kale-antzerkia eta Sabur taldearen kontzertua daude iragarrita.

Uztailean zehar kultur eskaintza kalera atera da. Horrela izanda, ostegunean Okendon Astokillo antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Rigoletto astoa eta bere jabe xelebrearekin ederki pasa zuten haur zein helduek.
Gaur berriz, The Boogalords & Mary Jo taldeak kontzertua eman du Tximistarretako belardian Udarako Kultur Kale Zikloari hasiera emanez. 
Eguraldia lagun, Donostialdeako baxu, gitarra eta bateria hirukotearen blues, funk, soul eta jazz doinuez gozatu ahal izan dute parkera gerturatu ziren dozenaka lagunek .

Zinema kalean
Aste honetan ere izango da aukera eguraldiak laguntzen badu behintzat, kultura ekitaldi ezberdinez gozatzeko. Ostegunean Futbolin haurrentzako animazio filma ikusi ahal izango da 22:00etatik aurrera Okendo plazan. 
Aurreko saioan gertatu bezala, eguraldi txarra egitekotan, Elizatze plazako aterpean egingo litzateke proiekzioa.
Bestalde, ostiralean 22:00etan ere Salitre Teatroko lagunek Gozo, gozo, gozoa kale antzerkia eskainiko dute hasiera batean Okendo plazan. 
Musika zaleek ere aukera izango dute larunbatean Okendo plazan bertan Sabur taldearen kontzertua entzuteko. Rock, rumba, folk eta latin doinuak eskainiko ditu taldeak. Kultur Kale Zikloaren barruko saioa da eta 19:30ean hasiko da emanaldia.
Hortaz, kalera ateratzeko aitzakiarik ez da izango datozen egunetan. Udara ailegatu da herrira eta honekin batera baita kultur proposamenak ere.