Udako txokoak eta kanpaldiak abian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 3a

Udako oporraldian ederki pasatzen ari dira herriko haur eta gaztetxoak. Asteartean hasi ziren udako txokoak eta aurten 464 lagun ari dira hauetan parte hartzen. Udalekuak nahiago zituztenen kasuan, Donemiliagan da 52 kideko taldea eta Bizkaiko kosta ezagutzera abiatu dira gaur DBH 1 eta 2ko 51gaztetxo.

Udako ekintzak martxan dira. Herriko festak bukatzearekin batera hasi ziren besteak beste, udako txokoak. Urtero Ttakunek, udalaren laguntzarekin antolatzen dituen egitasmo hauetan asko dira parte hartzen duten haur eta gaztetxoak, aurtengoan uztaileko txokoetan esaterako, 464.

Adinaren arabera ekintza ezberdinak burutzen dituzte eta irteerak, jolasak, kirola denetarik izango dute hilabete honetan. Tartean bisitak ere jasoko dituzte, gaurkoan Xumela koruko hainbat kide izan dira txikienekin abesten eta dantzan. Saio polita egin dute eta haurrek eurekin kantatzera baita dantzatzera ere animatu dira. Esperientzia polita izan da Xumelakoek aipatu dutenez.

Bestalde, gaur abiatu dira ere DBH1 eta 2ko 51 gazteak Bizkaiko kostara. Autobusean atera dira baina oinez itzuliko dira etapa ezberdinak eginez.

Donemiliagan dira asteartetik ere 52 gaztetxo. Guztiek ziur ederki pasako dutela lagun eta begiraleen laguntzarekin. Hamaika ekintza eta abentura bizitzeko parada izango dute.