Magia ikuskizuna Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko uztailaren 4a

Jon Zabalek gidatutako helduentzako “El suceso” kale antzerkia izan dute herritarrek gozagarri gaur arratsaldean. Ikusleak eurak izan dira antzerkiko protagonistak, magoak uneoro eskatzen baitzuen ikusleen kolaborazioa ikuskizunarekin aurrera jarraitzeko.

Denetariko lanak jarri dizkie Jon Zabalek lasarteoriatarrei: kartak aukeratzea, marraztea, izen, data edo sentimendu jakin batean pentsatzea... Jakina, gero berak ikusleek pentsatu edo marraztatutakoa asma zezan. Esan beharra dago gehienetan bete-betean asmatu duela eta herritarren artean ezinegona ere sortu duela. “Nola demontre ote liteke!”, “Ai ama, asmatu egin du eta!”, “Non dago tranpa?” eta gisa horretako komentarioak entzun dira han-hemenka. Kale antzerki denboraldia martxan da hortaz, aurreko urteetan esperientzia gazi-gozoak izan dira eguraldi txarra dela eta, ezin izan baitzen iaz kale antzerki bat edo beste egin. Baina oraingo honetan bai, eguraldi ona eta tenperatura atsegina lagun, herritar ugari hurbildu dira Okendo Plazan egin zen emanaldia ikustera argazkian ikus daitekeen gisan.