Orain astebete egin zen kultura batzordean, Lasarte-Oriako Udalak Manuel Lekuona kultur-etxeko zinea digitalizatzeko proiektua jarri du martxan Boris Nogalesek gaur egindako agerraldian azaldu bezala.
“Erabaki honen atzetik, legealdi hasieran departamentuak zinearen alde egindako apustua dago. Gainera, emaitzak onak izaten ari dira: haur eta gazteen zine saioetan asistentzia handia izaten ari da eta helduen saioetan, bai ostiralekoetan bai igandekoetan, fideltasun handiko publikoa lortu da”.
Bestalde, gaur egungo zinearen egoera kontuan izanda, zeluloidezko pelikulak lortzea gero eta zailagoa gertatu da azken urteetan. “Ekoizleek formatu honetan apenas egiten dute pelikularik. Horregatik, zine txikietara izen handiko pelikulak iristea oso zaila da eta kasu askotan, ezinezkoa. Hori dela eta, erabakia oso garrantzitsua zen: zine proiekzioei agur esan edo proiektorea digitalizatu”.
Beraz, haur eta gazte nahiz helduen saioak mantendu ahal izateko, hilero batez beste 650 lagun izaten dira hauetan, onartu berria da proiektore digital berri bat eskuratzeko plegua eta honek aukera emango du filmak 3D formatuan ere emateko. Horretarako, pantaila berri bat jarriko da auditorioaren eserlekuetatik gertuago, oraingoa baino handiagoa izango dena.
Audioa aurreratu egingo da ere eta pantaila berriaren kokapenarekin ikusleek hobekuntza nabarituko dute. 3D filmak ikusteko beharrezkoak diren betaurrekoak ere eskuratuko ditu udalak. Aldaketa guzti honekin, kalitatezko zinema eskaintza egitea bermatuko dela aipatu dute Manuel Lekuonako arduradunek.
Teknologia berri hau, urrian zine programazioa hasi baino lehen prest izatea espero da.