Goizean festei hasiera eman aurretik, Biyak Bateko kideek ikasturte osoan zehar soinketan ikasitakoa erakutsi nahi izan dute kiroldegian. Urteroko hitzordua da hau eta lagun eta senideak izan dira Kiroldegian hauek ikusten. Ariketak egiteko garaian, denek duten disziplina erakutsi dute eta erritmoa aldi berean jarraitzen trebeak direla erakutsi dute.
Txupinazoaren ostean, gaztetxoek Ttakunek antolatutako makarronadan parte hartzeko aukera izan dute. Atsobakar parkean makarroi platerkada ederrak jan dituzte eta batek baino gehiagok errepikatu ere egin du hainbatetan. Postrea eskutan izan baino lehen, ur jolasekin hasi dira asko. Eguraldia lagun, ederki ibili dira eskura zutenarekin laguna bustitzen, botilak, kantinplorak, groboak...dena izan da erabilgarri.