Txupinak dantzan jarri du herria

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 27a

Arratsaldeko 19:00etan puntu puntuan helduen txupina bota da Udaletxe berriko balkoitik eta festak eztanda egin du Okendo plazan. Aurretik, Sorgin Dantza izan da herriko kaleetan barrena.

Goiz goizetik herriko txikiek hartu dute Lasarte-Oria. Arratsaldean berriz, helduen txanda izan da. Okendo plazan herritarrak bildu dira jaietako hirugarren txupina ikustera.

Kukuka antzerki eta dantza eskolako lagunek eta Texas taldeko erregionalek hartu dute hitza lehenik.

Kukukako lagunek festa giro ederra jarri dute, sugur gorri eta turutekin. Goizean legez, olatu handiak iritsi dira Okendo plazara. Texas taldeko kideek eskerrak eman dizkiete taldea osatu duten guztiei.

Pablo Barrio alkateak lasarteoriatar guztien jaiak direla gogoratu eta jai arduratsuak izatea eskatu du. Ostean, txupina bota du eta jaiak eztanda egin du goraino beteta zegoen Okendo plazan.

Txupinaren argazki galeria

Sorgin dantza 

Baina txupina baino lehen, Sorgin Dantzak hartu du herria eta Okendo plaza.

Azken urteetako Sorgin Dantzarik jendetsuena izan da gaurkoa. 320 bat herritarrek parte hartu dute.

Oriatik erdigunera doinua eta erritmoa ederki jarraitu dute haur zein helduek. Biyak Bat elkartearen aurrean, Kale Nagusian, Ilargi tabernaren parean, eta Okendo plazan ikusi ahal izan dugu gure herrian ohitura luzea duen dantza.

Sorgin Dantzako bideoak eta argazkiak.