Lasarte-Oriako ereserkiarekin batera, danborradak hasiera eman dio San Pedro bezperako gauari. Danborradako kideek ohi bezala omenalditxoa egin dute eta aurtengoan, Sevillano kideari egin diote 42 edizioetan parte hartzeagatik. Jarraian Udaletxeko balkoitik jaitsi eta Felix Telleriaren gidaritzapean hasi dira Lasarte-Oriako ereserkia joz.
Aipatu behar da, Udaletxean udal ordezkariak, taldean Pablo Barrio alkatea izan dela danborradaren hasiera jarraitzen. Pieza guztiak plazan eskaini ondoren, herriko kaleetan barrena abiatu dira. Ibilbidean, Eibarko gastadoreak izan dituzte lagun. Herritar askok ikusi nahi izan dute danborrada eta kale bazterretan zain egon dira.
Berri txarrik ez
Gauerdian ordea, herrira jende uholdea erakarri duen taldearen txanda izan da Okendon. Puntual hasi dira Berri Txarrakeko kideak eta beraiekin, atzo gertatu bezala, eromena iritsi da. Lehenengo lerroetan pilatutako gaztetxoen dantza etengabea izan da eta abesti guztiak, bata bestearen atzetik, kantatu dituzte Gorka Urbizurekin batera.
Taldeak ez du hutsik egin eta ordu bete baino gehiagoko emanaldia egin du. Bere abesti ezagunenak ere entzun ahal izan dituzte zaleek. Taldea, Udaletxe zaharrera joan da kontzertua bukatzean eta gaztetxo talde batzuk jarraitu dituzte. Taldeko kideek, hauek behean zeudela jakinda, argazkia ateratzea jaitsi dira hauen harridura eta pozerako. Bertan pilatutako jendearen artean keinua oso ondo hartu da.
Izan ere, udaletxe zaharretik 1:30ean ateratzekoa zen Correfoc-a eta jendetza zegoen su ikuskizun hau ikusteko zain. Ordu erdiko atzerapenarekin irten dira deabruak. Herritar gutxi ausartu dira Vilafranca-ko Les diables –ekin batera su azpian dantza egitera baina ikuskizuna izugarria izan da, ikusgarri eta oso zaratatsua.
Okendon parranda jarraitzeko aukera izan da Boston Jairen erromeriarekin. Etxe abeslariak gidatzen duen taldeak parrandarako giroa animatzen jarraitu du.
Gaueko argazki eta bideo bildumak.
Danborradako bideo eta argazkiak.