Erketzen kurtso amaierako emanaldia Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 21a

Eguraldiaren beldur baziren ere, azkenean Erketz Dantzari Taldeko lagunek Okendon egin ahal izan dute kurtso amaierako emanaldia. Musikariak Udaletxeko balkoira igota eta behean ikusleentzako eserlekuak jarrita dantzan egin dute Erketzekoek jantzi eta alpargata koloretsuak soinean.

Besteak beste, hainbat euskal probintzietako dantzak dantzatu dituzte: Gipuzkoako Ezpata dantza, Aurkez aurkez, Uztai Haundi eta Uztai Txiki; Bizkaitik Gorulari eta Dominguillo, Mahai Gainekoa, Alpargata zortzikoa; Nafarroatik Auritzeko Ingurutxoa eta Arabatik Gasteizko Zortzikoa. Behe Nafarroari dagokionez, hango Ihauteria interpretatu dute Sorgina eta Euskalduna, Antxoriz eta Kontradantzen bitartez. Jautziak ere egin dituzte Hegi eta Ostalersa aurkeztuz.

Helduez gain, dantzari txikiek ere euren dohainak erakusteko aukera izan dute Boastitzea, Esku Dantza, Polka de Bebes, Txulalai, Zuberoako makil dantza eta Abaltzisketako Txantxo dantza etxekoen aurrean eginez.

Azkenik, agur modura denek Udaletxeko balkoitik zintzilik zen ikurrina handi baten azpian dantzan egin zuten.

Plazak itxura ederra hartu du eta zenbait unetan eguzki printzek ere argitu dituzte ikusleen aurpegiak Erketzeko musikari eta dantzarien jardunari begira ari ziren bitartean.

Emanaldiaren argazkiak (gainean klik egin)