Beltz hasi da goiza. Eneko Sarasolak eta Jagoba Mendizabalek 22-1 galdu baitute kadeteen partida. Saketik tanto asko sartu dizkiete Iñigo Bikuña eta Jon Alberdi donostiarrek eta tanteoan, Mendizabali atzeko koadroetara bota dizkiote pilota gehienak gailentasun fisiko handia probestuz.
Baina zaparrada bota eta ondo busti ostean, atertu eta eguzki printzak ere ikusten hasi da Lasarte-Oria Asier Arteaga eta Aritz Solanori esker. 22-11 irabazi dute lasarteoriatarrek Mikel Aranguren eta Adur Etxezarretaren aurka. Herritarrak 14-1 irabazten hasi ostean, sekulako errepasoa emango zutela zirudien, baina donostiarrek tanto bat egitea lortu, pilota aldatu eta bederatzi sartu dizkiete erreskadan markagailuan 14-10ekoa jartzeko. Hala ere, aurkariaren hatsa lepaldean sentitu bezain pronto erreakzionatu eta erosotasunez egin dute 22. tantorainoko bidea.
Nahiz eta ez duen bere partidarik onena jokatu, diferentziak Arteagak markatu ditu aurrean, eta atzean, ohi bezala sendo aritu da Aritz Solano, eutsi eta eutsi bere lana betez.
Eromena seniorren partidan
Jonpe Artetxe eta Mikel Elola lasrateoriatarrek handia egin dute. Ordubete pasatxoko norgehiagokan 22-19 irabazi dute Xabi Ortiz de Urbina eta Joseba Baez donostiarren aurkakoa.
Egia esan, pattal samar kantxaratu dira. 0-3ko kontrako partziala jaso dute partida erabakigarria hasi bezain pronto eta Atanon bildutako herritar guztiak beldur pixkat bat sentitzen hasi dira. Guztiak, Mikel Elola atzelaria izan ezik. Hasieran guztiz gozatu gabe ibili bada ere, 5-5ekoaz aurrera erakustaldia eman du Lasarte-Oriako atzelariak. Segurtasun handia transmititu dio Artetxeri aurreko koadroetan eta honek izan dituen aukerak ongi aprobetxatu ditu behartu gabeko pilotaren bat galdu badu ere. Bosna eta zazpina egin ostean, herritarrak hartu dute aurrea 10-7, 13-10, 15-13, 17-15, 19-16... Eta hemen eten bat egitea komeni da.
Partida exigentea, gogorra izaten ari zen oso. Eta lau pilotariek gorputzaldi bikainean direla erakutsi dute pilotakada askoko tantoak izan direlako gehienak. Baina bat berezia eta gogorra izan bada, lasarteoriarrentzat 21-18ko jarri duen Jonpe Artetxeren ezker-gantxo zitala izan da. Zer izan da hori. Atanon bilduta zeuden ehun bat herritarrak euren eserlekuetatik altxa eta era guztietako ospakizun ohiu, txalo eta orroak entzun dira Donostiako pilotaleku historikoan lau pilotariak lurrean etzanda, akituta botata zeuden bitartean.
Azken emaitza 22-19. Hiru partidak kontuan hartuta, 2-1 gora. Datu kezkagarriena herritarrek tanteoan kontrako zazpi tantoko aldea dutela da. Baina matematikak argiak dira. Ostiralean hiru partidetatik bi irabaziz gero, Asteasu edo Oiartzunen aurkako final handirako txartela eskuratuko du Lasarte-Oriak.
Zehatz hitz egin du Jose Felix Solano prestatzaileak "Ostiralean faena amaitzea tokatzen da".
Egun handietako giroa espero da ostiralean Michelingo pilotalekuan, San Pedro festetan bete-betean sartuta, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.