Albokak errepertorio berria aurkeztu du

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 14a

Alboka abesbatzak kantutegia berritu du eta azken hilabeteotan egindako lana aurkeztu du asteburuan Brigitarren komentuan emandako ordubete inguruko kontzertuan. Jende asko bildu da herriko abesbatza entzutera eta txalo zaparrada handiarekin agurtu dituzte sei zati eta hamaika doinu eta erritmo uztartu dituen larunbat ilunabarreko emanaldia amaituta.

Kontzertua sei zatitan banatuta egon dela esan daiteke eta mota eta estilo guztietako kantuak interpretatu ditu Albokak.

Batetik, Karl Jenkis autore galestarraren “Sabat Mater" piezaren hiru zati eskaini du abesbatzak. Besteak beste autore honenak dira “Adiemus" eta “Palladio Allegretto" ezagunak.
Erregistroa erabat aldatuta, Txirri Mirri eta Txiribitonen “Behin edo behin" abesti sakona ere kantatu dute. Xabier Sarasola beasaindarrak abesbatzentzat egindako moldaketa aurkeztu diete lasarteoriatarrei.
80. eta 90. hamarkadetan Toto kantariak hain ezagun egin zuen “Afrika kantuak eman dio ukitu exotikoa kontzertuari.
Erritmo lasaiek eta musika koralak ere izan dute lekurik. Morten Lauridsen amerikarraren “Sure on this shining night abestu baitzute ikusleen gozamenerako.
Kontzertuak une mistikoa ere izan zuen. Eduardo Mokoroaren “Sorgin Dantza abestiaren tonu aldaketa bortitzek, akelarre antzeko bat irudikatu du agian kontzertuko indar handieneko momentua eskainiz.
Azkenik, “Wangol pieza eskaini du Alboka abesbatzak. Afrikako esklabuek Haitira eramandako pieza izanik, Karibeko erritmoak eta Afrikakoak uztartzen dituen obra deigarria bi hizkuntzatan idatzia dago, haitieraz eta Afrikako dialektoz.
Pieza guzti horietan hainbat kolaborazio izan ditu Albokak. Perkusioan Maider Errasti, Iker Olano eta Carolina Muñozen laguntzarekin hainbat obra jantzi eta osatu egin dituzte.
Horretaz gain, ohi bezala, Amaia Dorronsoro pianojolearen laguntza ere izan du Alboka abesbatzak kantu askori notak jarriz.
Finean, gozatu ederra hartu dute bai Albokako kideek beraiek zein euren ordubete inguruko emanaldia ikustera hurbildu diren herritarrek. 
Alboka abesbatzaren hurrengo emanaldia San Pedro jaietan izango da, festen urteroko meza nagusian hain zuzen.