Gai zerrenda laburra izan arren, galdera eta erreguen txandan asko izan dira PSE-EEk egindako galderak. Alkateak bilkura hasi du hitza hartzeko aurrerantzean izango diren irizpideak azaltzen. Batzarrean ez dira PPko ordezkaria, PSE-EEko Nerea Artamendi eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri zinegotziak egon.
Jarraian, Nerea Sanchezek adierazi du "azkenean" udal plangintzarako aholku batzordean herriko 15 elkarteetako kideek parte hartuko dutela aurrerantzean. Lehenengo bilera ekainaren 24ean izango dute. “Nahi baino gehiago luzatu da batzordearen osaketa baina pozik gaude lortutako atxikipenekin”.
PSE-EEk auzo merkatua weba egitasmoa gauzatzeko mozioa aurkeztu du ondoren. Honen arabera, udalari eskatu dio herriko merkatariekin elkarlanean, web bat osatzea herriko dendetan herritarrek erosketak etxetik egin ahal izateko izan ere, “ordutegiak direla eta herriko dendetan erosketak egiteari uko egin behar diote herritar askok eta merkatalgune handietara jo herriko denden kaltetan”.
Gorka Lizarragak eskatu dio Jesus Zaballosi mozioa kentzeko, merkataritza alorretik, Tratu On bat markaren baitan, weba eginda dagoelako. Hasiera batean herriko denden eskaintzak azalduko direla aipatu du baina merkatariek erabakiko dutela, hauekin sortutako batzordean, zein pauso eman aurrerantzean. “Salerosketak egitearena gauzatu daiteke eurek nahi badute”.
PSE-EEk ez du bertan behera utzi eta bozkatu egin dute, Bilduk kontrako bozka eman du lan hori eginda dagoela argudiatuta, LOHP eta EAJ abstenitu dira eta PSE-EEk mozioaren alde egin du. Emaitzari erreparatuta, bozketa berriz egin behar izan da berdinketa egon delako eta alkatearen kalitatezko bozkarekin, bertan behera geratu da.
Bilduk Euskal Kutxen etorkizunari buruzko mozioa aurkeztu du eta EAJk honi emendakina jarri dio. Horrela izanda, biak bozkatu dira baina bertan behera geratu dira ez dutelako gehiengoaren babesa eskuratu.
PSE-EEren galderak
Jesus Zaballosek galdera eta erreguen txandan hainbat galdera egin ditu. Lehenengoa Somoto auziaz izan da. Alkateari informazioa eskatu dio Castells abokatuaren azterketaz.
Alkateak abokatuari eperik ez zaiola jarri esan eta Zaballosen haserrea eragin du “behingoz gai honekin zer egingo den jakiteko eskubidea dugu eta gardentasunaz asko hitz egiten du udal gobernu honek baina lehenengoak informazioa ez ematen zuek zarete” horregatik aulkitik altxa eta taldeko kideekin batera bilkura utzi du.
Aurretik alkateak eta beste zinegotziek erantzun dituzte sozialistek egindako galderak. Besteak beste, giza katean udalaren garabia zergatik erabili zen galdetu du, eta honen erabilerarako tasa batzuk ezarrita daudela argitu du alkateak eta horiek aplikatu zirela. Udaleko langileen antolamendurako prozesuaz esan du Zaballosek ataletako buruek dokumentu bat idatzi dutela prozesu hau gelditzeko eskatuz eta alkateak,"prozesua finduko dugu baina hasitako lana bukatzea da gure helburua".
EAJk ere enpresa haztegiaz eta San Pedro elizako teilatuaren konponketaz galdetu du. Enpresa haztegiarena sakonki aztertu behar dela aipatu du Lizarragak eta teilatuarena berriz, Nerea Sanchezek argitu du hitzarmen bidez udalak asumituko duela gastua, ados egon ez arren.
Alkateak batzarra amaitzean gertatutakoaren aurrean bere egonezina adierazi du.