Ikasturte osoan zehar lan handia egin dute Landaberri eta Sasoetako ikasleek Agenda 21 egitasmoaren baitan. Aurtengoan elikadura jasangarria izan dute gai eta elikagaien biodibertsitatea, elikadura eta bertako produktuen garrantzia, elikadura eta osasuna… jorratu dituzte.
Ikasleek banan-banan azaldu dizkiete udal ordezkariei euren azterketaren ondorioak, eurek hartutako konpromisoak eta udalari egiten dizkioten eskaera eta proposamenak. Hauek adi-adi entzun dituzte Pablo Barrio alkateak, Nerea Sanchez ingurumen zinegotziak eta Boris Nogales hezkuntza zinegotziak. Hauekin Xabier Goitia kulturako arduraduna izan da ere.
Proposamenen artean, informazio kanpainak gauzatu eta herriko aldizkarian, Txintxarrin, publizitatea eginez zabaltzea eskatu dute: esne makinaren erabilera indartzeko, bertako produktuak kontsumitzearen alde eta oro har ingurumenarekin lotuta dauden gaien alde.
Denda handiekin hitz egin eta janaria bota ez dezaten eskatu dute ikasleek ere hau beharra dutenei bideratzeko.
Herriko denden sustapena
Denda txikien eta azoken defentsa egitea eskatu diete udal ordezkariei. Herriko denda txikiak indartzeko, zozketak, aparkalekuak hobetu, hauentzat zergak jaitsi, dendariei lagundu euren produktuen berri ematen. Hain zuzen ere, Tratu On Bat egitasmoarekin hauek direla helburuak azaldu die alkateak eta beraz, lanean ari direla herriko merkataritza aktibatu eta laguntzeko.
Produktu ekologikoak saltzen dituzten dendei erraztasunak ematea aipatu dute. Azoka egun gehiago ere jartzea proposatu dute, asteazkenaz gain, larunbata goiza aproposa izan daitekeela irizten dute gaztetxoek. Bertan baserritarren produktuak egon daitezen bermatzea eskatu diote udalari. Beste herrialdetako produktuak ezagutzera emateko azoka bereziak interesgarriak izan daitezkeela ere esan diete.
Zentzu honetan ere udalak zenbait erabaki hartu dituela azaldu dute zinegotziek, tartean baserritarren postuen aldeko neurriak hartu direla. Beste herrialdeetako jakiak Aniztasunaren Astearen baitan azoka egin zela aipatu dute eta jaietan berriz halako aukera egongo dela aurreratu dute.
Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzearen inguruan, zinegotziek aukera ona dela aipatu dute baina bertako produktuen aldeko apustua egitea dela agian garrantzitsuagoa. “Produktu ekologikoak herrialde ezberdinetatik iristen zaizkigu eta gurean gero eta ekoizle gehiago dago, garestiagoa izan arren, hauen aldeko apustua egitea denentzat onuragarria da” aipatu du Sanchezek.
Baserritarrak lagundu
Herriko baserritarrei erraztasunak eman behar dizkietela esan dute ikasleek, azoketan lekua eginez edota zergak gutxituz, orokorrean nekazaritza jarduerak sustatu beharko lirateke.
Udal baratza publikoak jartzea eskatu dute ere eta saiakera egin herriko ikastetxeetako jangeletan kontsumitzen diren fruitu eta barazkiak ekologikoak izan daitezen. Boris Nogalesek aipatu die, egun herriko ikastetxeetako jantokietan ematen den janaria bertako produktuekin egindakoa dela.
Okendo plaza atzeko belardian landare desberdinak jartzeko eskaera luzatu dute bukatzeko. Belardi honetan zerbait egin nahi dela aipatu du alkateak, “aukera desberdinak aztertu dira” baina oraindik ez dakitela ziur zer egin.
Baratza publikoak jartzea aspaldiko nahia dela aitortu du Nerea Sanchezek baina hauek non kokatzea erabakitzea ez dela lan erraza izan. “Orain kokapena badugu baina dirua falta zaigu, bi urtetan diru laguntza bat eskatu dugu baina ez zaigu onartu eta aurten lerro hori deuseztatu dute”. Datorren urtean agian aurrekontuetan partida bat honetarako gorde ahal izango da.
Udalbatzarrean asko izan dira alkateak eta zinegotziek aipatutakoak, gomendio batzuk tartean, adibidez erosketak egiterakoan bertako produktuak diren edo ez jakiteko etiketak begiratzeko.
Ikasitako guztia zabaltzeko konpromisoa hartu dute denek eta udal ordezkariek ikasleei egindako lan ona eskertu diete.