Giro ederra Euskadiko bola txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 7a

Gaur goizean, giro ederra egon da. Aproposa Euskadiko bola-joko eta toka txapelketarako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bolari eta toka jokalari hoberenak bildu dira gure herrian. Lehia handia izan da eta Okendo plazan eguzkiari ere aurre egin behar izan diote toka jokalariek.

Euskadiko bola-joko eta toka txapelketak burutu da gaur Lasarte-Orian.
Kirol guneko bolatokian Euskadiko 60 bat bolari bildu dira goizeko 8:00etatik aurrera lehiaketan parte hartzeko.
Giro ederrean bi txandatan bederatzi brilak botatzen saiatu dira guztiak, emakume, zein gizonak.


Toka txapelketa
Okendo plazan berriz, eguzkiaren begiradapean, toka txapelketa izan da. Honetan ere Euskal Erkidegoko jokalari onenak eta hainbat herritar parte hartu zuten.


Sariak
Txapelketak amaitzerakoan, guztiek zikiro jan ederraz gozatu ahal izan dute Udal jangelan.
Eta indarrak batu ostean, kalejiran Okendora abiatu dira guztiak.

Bertan saribanaketa izan da. Gipuzkoako federazioko Luis Azpiolea lehendakaria, Taxio Arrizabalaga Udal Kirol saileko burua, Ostadar SKT-ko Imanol Bardaji, Inaxio Otaegi, Joxe Zapirain, Joxean Montes eta Joxean Lasa izan dira sariak banatzen.

Lurralde bakoitzeko txapeldunen sariak banatu dira lehenik: Gipuzkoako txapeldunak, Rosa Santos eta Xabier Iruretagorena; Arabakoak, Bea Isasi eta Julio Izarra eta Bizkaiko Naroa Izurza eta Iñigo Uriel.

Ondoren, bola-jokoan Euskadiko txapeldunen izenak jakinarazi dira, Pedro Agirre legazpiarra eta Garbiñe Alustiza zeraindarra.

Tokan aldiz, Antonio Amondarainek eraman du txapela.

Zazpitan hoberenaren saria, berriz, Luis Azpiolea zeraindarrarentza izan da.

Omenaldia
Honetaz guztiaz gain, Ostadar SKT-ko bola-joko taldeak omenaldi txikia egin nahi izan die lau pertsonei urteetan egin duten lanarengatik Antonio Alustiza, Antonio Goenaga eta Joxe Zapirain eta Inaxio Otaegi lasarteoriatarrei.

Herritarrek ere toka eta bola-jokoan ibiltzeko aukera izan dute Okendon jarrita zeuden bolatoki eta toka eremuetan.

Euskadiko txapelketako irudi galeria.