Maiatzaren 24 eta 25ean, junior eta jubenil mailako Euskadiko txapelketan lau urrezko domina, hiru zilarrezko eta brontzezko bi ekarri zituzten herrira. Eneritz Busto gazteak altueran garaile izan zen eta 100 m. hesi lasterketan hirugarren amaitu zuen. Oihana Igarrizek ere kolore berdineko dominak eskuratu zituen jaurtiketa probetan, urrea eta brontzezkoa pisuan.
Ane Galardik jauzi hirukoitzean lortu zuen txapela. Txapeldunorde izan ziren Yeray Veroniz 100 m. lasterketan; Idoia Olasagasti 200 m. proba azkarrean eta Maider Rekondok diska jaurtiketan.
Hau guztiaz gain, 4x100 m.-ko nesken errelebua ere irabazi zuen LOKEk.
Gipuzkoako txapelketa
Bestalde, maiatzak 31 eta ekainak 1ean, Ordizian eta Donostian izan ziren Gipuzkoako txapelketan ere izan ziren. Hiru txapeldun berri eta txapeldun orde bat izan ziren bertan.
400 m. hesi lasterketan Gaizka Ormazabal irabazle izan zen. Eta jauzi probetan lortu ziren beste bi urrezko dominak. Eneritz Bustok altueran eta jauzi hirukoitzean Ane Galardik.
Bestalde, Jon Altuna podiumeko bigarren mailan izan zen 800 m. lasterketan.
Baku eta Euskal Jokoak
Itoitz Rodriguez gaztea ez zen txapelketa hauetan izan. Maia-tzaren 29tik ekainaren 1era, Gazteen Joko Olinpikoetako sailkapen probetan lehiatu baitzen Bakun, Azerbaijanen. Europako onenen artean, hamabigarren amaitu zuen usurbildarrak.
Euskal Jokoetan berriz, Landaberri ikastolako Xalba Otxandorena gaztea Gipuzkoako Selekzioarekin lehiatu zen. Lasarteoriatarrak 80 metro hesi txapelketan hirugarren postua egin zuen.
Eta atletek ez dute atsedenik, asteburu honetan, Hondarribiko BAT taldearekin Espainako ligako bigarren jardunaldian parte hartu dute, neskak Valentzian izan dira eta mutilak L’Hospitalet de Llobregat.