Kukukaren antzerki eta dantza astea martxan da

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ekainaren 3a

LH6ko taldeak Manuel Lekuonan eskaini du bere "Gura/Gu ta/Gutarrak" antzezlana goizean. Gaurtik eta ekainaren 15a bitartean ia egunero izango da dantza eta antzerki lanez gozatzeko aukera. Ikasturte guztian zehar ikasitakoa erakusteko egunak dira hauek Kukukako ikasle guztientzat.

Ikasturte amaiera heltzear da eta hilabete hauetan ikasitakoa erakusteko garaia dute askok. Kukuka antzerki eta dantza eskolak 12. urtez antolatu du, antzerki eta dantza astea. Astea baino hamabostaldia dela esan daiteke, izan ere, gaurtik hasi eta ekainaren 15a bitartean antolatu dituzte eskolako arduradunek ikasleen emanaldiak.

Haur, gaztetxo, helduak izan dira hilabete guzti hauetan dantzan zein antzerkigintzan trebatzen eta egindako lana erakusteko tartea dute orain.

Gaurkoan LH6ko ikasleen txanda izan da. "Gura/Gu ta/Gutarrak" lana taularatu dute ikaskide eta irakasleen aurrean. Honetan egun bizi dugun krisi egoeraren hainbat aurpegi erakutsi nahi izan dituzte, umorea eta musikarekin uztartuz. Formatu erakargarri eta berritzailea erabilita, istorio laburrak izan dira antzeztutakoak.