Herriarteko txapelketan Lasarte-Oriako mutilak fin dabiltza. Lehengo ostiralean Beasainen aurka jokatu zuten herrian eta kanporaketan 2 eta 1 aurreratu ziren.
Kadetea mailan, 22 eta 11 irabazi zuen herriko bikoteak. Eneko Sarasola eta Jagoba Mendizabalek partida ona egin zutela aipatu digu Joxe Felix Solano taldeko arduradunak. Lasai hasi ziren irabazten, baina markagailuan 13-5ekoa zegoela Beasaineko bikoteak buelta eman zion egoerari eta 13-11ra hurbildu zen. Lasarte-Oriako bikote gaztea ez zen kikildu eta nagusitasuna berreskuratu zuten. Era honetara 22 tantoetara iritsi ziren.
Arratsaldeko bigarren partidan ere, jubenilek garaipena eskuratu zuten, 22-17.
Axier Arteaga eta Aritz Solanok partida gogorra jokatu behar izan zuten, baina ederki aurrera eraman zutela azpimarratu du Lasarte-Oriako arduradunak. Beasaingo bikoteak jokoa atzera bidaltzen saiatzen zen, Axier joka ez zedin. Baina Solanok ederki erantzun eta ederki mantendu zen bere lekuan, honek Arteagak tanto ederrak egitea ekarri zuen.
Senior mailako partida izan zen Lasarte-Oriak galdu zuen bakarra, 7-22. Beasaingo bikotea nagusi izan zen eta nahiz eta saiatu, Jon Pello Artetze eta Mikel Elolaren lanak ez zuen askorako balio izan,7 tanto bakarrik egin ahal izan zituzten.
Kanporaketa bideratua
Honela hurrengo norgehiagoka Beasainen jokatuko dute. Joxe Felix Solano baikor agertzen da eta kanporaketa bideratua dagoela aipatu digu. Hala ere, Beasainen bi partida irabazi behar direla gogorazten du. Izan ere, berdinketa lortuz gero bi taldeen arteko puntu tartea oso txikia baita, 51-50.