Bertsotan eta txorrotxioka

Txintxarri Aldizkaria 2014ko mai. 24a, 02:53

Maialen Lujanbiok, Beñat Gaztelumendik eta Ane Labakak jada ohiko bilakatzen ari den Udaberriko saio berritzailea esakini dute ostiral gauean. Bertsoak, musika, antzerkia eta lasarteoriatarrak eurak izan dira protagonista Manuel Lekuonan. Guztira 65 bat herritar oholtzaratu dira eta bakoitzak bere txioa jarri dio emanaldiari, amaieran txorrotxio polit bat osatzeko.

Hamarrak puntu-puntuan zirela hasi da Udaberriko bertso saioa Manuel Lekuona kultur etxean. Enara Ieregi, Uxue Loinaz eta Intza Alkain "atso" xelebreek gidatuta, bi orduko emanaldiaz gozatzeko aukera izan da gaur gauean.

Maider Oiartzabalen dantzak, Zero Sette akordeoi orkestraren doinuek eta Lierni Arozenaren pianoaren musikak lagundu die hiru bertsolariei hasierako agurreko bertsoak osatzen. Saioan zehar gainera, Udal Musika eskolako ikasleen kolaborazioak izan dira eta Amaia Tejeria, Jokin Ayerregarai eta Aitor Atxegak jarri diote umore ukitua saioari bateko sevillana eta besteko rantxera zirela.

Txalagore txalapartarien konpasera landutako Kukuka dantza eta antzerki eskolako lagunen koreografiak edota Txorrotxioka taldearen saioak estimu handitan izan dituzte herritarrek. 

Momentu berezienetakoa agian Imanol Epelderen bertso-raparen ordua ailegatu denean iritsi da, modu indartsu eta sarkor batean Txirrita eta Bilintxen errimak bata bestearen atzetik josi ditu mikrofonoa eskutan hartu eta oholtzaren alde batetik bestera saltoka ibilita.

Eta bitartean bertsolariak zertan aritu diren galdetuko du batenbatek. Bada, bertsotan. Herritarren saioak borobiltzen, azken puntua jartzen. Besteen lana goratzen, larrutzen edota kritikatzen abilak direla erakutsi dute bersolari hernaniarrak, añorgarrak eta lasarteoriatarrak. Txioz txio txorrotxioa osatzen aritu dira, moko finez.

Azken agurrei ekin aurretik, hori bai, oholtzako eskailerak jaitsi eta herritarrak zirikatzen aritzeko parada izan dute goraino beteta zegoen areto nagusian. Pablo Barrio alkatea, Edu Galardi kameralaria edota Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" esaterako, ez dira libratu.

Azken agurretan Lasarte-Orian dagoen herri-mugimendua eta gauzak egiteko grina azpimarratu dituzte hiru bertsolariek eta txalo zaparrada artean hartu du nork bere etxerako bidea.

Udaberriko bertso saioaren argazki galeria: http://txintxarri.info/galeria/592/