Sasoeta-Zumaburuko guraso elkartearen lan ona saritu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 26a

Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketako lehenengo saria eskuratu du Sasoeta-Zumaburuko Burunzpe guraso elkarteak. 2012an lehiaketa honetan bigarren saria eskuratu zuten.

EHIGE-k, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak  erkidego mailan antolatzen duen Guraso Elkarteen hezkuntza-jarduera onen 4. lehiaketako lehenengo sariaren irabazle hautatu dute Burunzpe. Herriko Sasoeta-Zumaburu eskolako guraso elkartea hain zuzen. 2012an bigarren saria jaso zuten Zarautzen.

Aurkeztutako proiektua “Aniztasuna barneratzea” izan da eta  Burunzpe Guraso Elkarteak, bere Aniztasun Batzordearen bitartez, ikasturtean zehar egindako lanean oinarritutako txostena izan da.

Lanketa honen helburu nagusia, “eskola bizitzan kultura desberdinetako gurasoen parte hartzea bultzatzea da” eta hau lortzeko, asko dira ikasturtean zehar antolatutako ekintzak.

Guraso elkarteak jakitera eman duenez, saria ikasturtean zehar egindako lanaren aitortza da “eta gure seme alaben hezkuntzaren alde egiten dugun lanari emandako bultzada bezala hartzen dugu. Denon artean balioz beteriko ikastetxe hobe bat eraikitzen ari gara”.

1.500 euroko saria da eskuratutakoa eta hau igandean, Euskal Eskola Publikoaren Jaian jasoko dute Burunzpekoek, Balmasedan. “Bertara saria jaso eta festaz gozatzera joateko, autobus bat antolatzea aurreikusita dugu”.