Lanbide heziketa ere euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 19a

“11 aukera 11 lan” lelopean zabaldu dute Buruntzaldeko udalek eskualdean Lanbide Heziketa eskaintzen duten zentroen eskaintza jasotzen duen esku-orria. Gero eta ikasle gehiago dira lanbide heziketa euskaraz egitera animatzen direnak azken urteetan, izan ere, gurean D ereduaren zabalkundeak eraginda, modu naturalean euskaraz ikasten jarraitzeko hautua egiten dute gazteek. Ikasle batzuekin bildu eta euren esperientzia zein izan den azaldu digute.

Andoni Urdanpilleta, Jon Urretabizkaia, Eneko Elosegi, Idoia Iribar eta Beñat Esnaola ikasleak Lanbide heziketan izandako esperientziaz mintzatu ziren. Hauen hitzetan egun ikasketak euskaraz egiteko arazorik ez dago, hala ere, praktikak egiteko garaian edota hitz teknikoak erabiltzerakoan, sarri jotzen da gaztelerara. 

Matrikula egiteko dauden ikasleak animatzen dituzte zalantzak gainditu eta euskaraz ikastera. 

Buruntzaldeako udalek diruz laguntzen dituzte lanbide heziketa eskaintzen duten zentroak ahalik eta neurri handienean, euren eskaintza euskaraz egin dezaten. Gurean Hernani BHIn, Usurbilgo Lanbide eskolan, Andoaingo La Salle Berrozpen, Andoaingo Zine eta bideo eskolan, Leizaran BHIn eta Urnietako Salesiarretan daude goi mailako heziketa zikloak.

Euren esperientziatik hitz egin zuten mahai inguruan elkartuta Andoni Urdanpilleta  Jon Urretabizkaia, Eneko Elosegi, Idoia Iribar eta Beñat Esnaola ikasleak. Euskaraz hautatu zituzten euren ikasketak hala ere, zenbaitetan irakasgaiak gazteleraz egin dituzte edota praktikak egiteko garaian, gaztelera izan dute lanerako hizkuntza nagusia, hala ere “irakasle eta lankideekin, euskaldunak izanda, harreman pertsonala bi esparruetan euskaraz egiteko aukera izan dugu”. Lankideekin “barrautsi esan beharrean, broca esanda lehenago ulertzen zaituzte eta azkenean halako hitzak, euskaraz nola esan badakigun arren, gaztelera erabiltzea jotzen genuen.”

Ohitura aldatu
Idoiak bere garaian administraritza ikasketak egin zituen gazteleraz. 20 urtez lanean aritu ondoren, langabezian geratu eta erabaki zuen jakintzak eguneratzea. “Goi mailako administrazio eta finantzak zikloa egitea erabaki nuen Zubietan eta euskalduna izan arren, ikasketa guztiak gazteleraz egin nituenez beldurra nuen orain euskaraz egitera. Jendearekin hitz egin eta animatu ninduten ikasketak euskaraz egitera eta oso pozik nago egindako hautuarekin”.

Idoiaren ustez, gazteek zalantzarik ez dute ikasketak burutzeko hizkuntza hauta-tzerakoan, “txikitatik euskaraz egin dute eta jarraitzeko aukera dagoenez, hala egiten dute. Helduen artean berriz bestelakoa da egoera. Kezka eta zalantzak dituzu, beti gazteleraz ikasi eta hitz teknikoak ez ulertzearen beldurra da nagusi. Hala ere, nire esperientziatik esan behar dut, oso aberasgarria dela hitz horiek ere euskaraz nola diren ikastea”.

Jon Urretabizkaia eta Eneko Elosegik Salesiarretan zenbait ikasgai gazteleraz eduki arren, “kasu batzuetan zerbait ulertu ez eta irakasleek arazorik ez dute izan euskaraz azalpenak emateko”. 
Andonik La Sallen batez ere euskaraz egin ahal izan ditu ikasketa guztiak eta baita Beñatek ere Zubietan. Azken honek aurretik unibertsitate ikasketak burutu zituen. Bertan hautazko irakasgai batzuk ere gazteleraz zeudela azpimarratu zuen. 

Egun ingelesez ere ikasteko beharra dutela aipatu zuten. “Makina batzuk ingelesez daude programatutak eta hauek nola programatu ikasteko ingelesez egin behar dugu”. Hala ere, irakasleek materiala euskaratzeko ahalegina ere egiten dutela azpimarratu zuten.

“Jendeak irudipena dauka lanbide heziketan gaztelera dela nagusi agian lantegietako giroakin lotzen dutelako baina ez da horrela. Praktiketan denetarik aurki daiteke baina egun lankide euskaldunak beti egoten dira eta hauekin euskaraz lan egiten duzu”. 

Egiteke asko
Praktikak egiteko garaian,  euren hitzetan aldea dago euskara planak garatzen dituzten enpresak direnean. Plana dutenek behintzat inprimaki guztiak euskaraz badituzte eta nolabait esan daiteke, beste jarrera bat dagoela hizkuntzarekiko. Hau ez dutenetan oraindik asko dago egiteko, “bezeroei zerbitzua euskaraz bermatzen ez dieten enpresak badaudela kontutan izan behar da ere”.

Euskaraz materiala badago baina zenbait esparrutan oraindik beharra ba omen dago  ikasleen ustetan gehiago lantzeko. “Hitz teknikoei dagokionez, askotan zailak dira ulertzen, arrotzak egiten zaizkigu”. Egia da ohiturak aldatu eta hauek pixkanaka gehiago erabiltzen joan behar direla.

“ Zalantzarik gabe lanbide heziketa ikasketak euskaraz hautatzera animatzen ditugu orain matrikulatu behar diren ikasleak, gazte zein heldu

Baikor
“Belaunaldi berriak euskaldunak gara beraz pixkanaka lantegietako hizkuntzan aldaketak gertatzea posible izango da urte batzuetan. Gure esku dago”. “Zalantzarik gabe ikasketak euskaraz egitera animatu behar da jendea”. Euskaraz ikastea balio erantsi bat dela ulertzen dute ikasleek.