Lasarte-Oriako Udala hirugarren sektorearen sustapenean lanean ari da eta esparru honetan, formakuntza beharra izan da merkatarien artean egindako bileretan aipatutako gabezietako bat. Hau jakinda, udalak uste du “ezinbestekoa da egungo aldaketa eta berrikuntzen ondorioz, etengabeko formakuntza prozesu batean sartzea”.
Hori dela eta, otsailean “Ezagutu ezinbesteko 40 aplikazio zure negozioa kudeatzeko” izenpean bi ikastaro antolatu ziren eta 19 merkatarik parte hartu zuten.
Oraingoan aldiz, Usubilgo Lanbide Eskolak udalarekin elkarlanean, bi ikastaro eskaini ditu, “Bezeroenganako Arreta” eta “Salmentarako Teknikak”, bakoitza 10 ordukoa da eta talde bakoitzeko 12 parte hartzaile onartu dira. Ikastaroak Hobetuz-etik finantzatu dira.
Helburua da parte-hartzaile bakoitzak, prestakuntza bukatutakoan, saltzaile moduan bizkortasun mentala hobetzea, salmentak ahalbidetzeko eta mantentzeko tresna sinpleak eskuratzea eta errendimendu komertziala handitzeko baliabideak izatea.
Aterpeako kideekin
Lehenik eta behin ikastaroak Aterpea elkarteko kideei zuzendu zaizkie eta haiek oso modu positiboan erantzun dutela azaldu du udalak. Zehazki, Aterpeako partaide diren 17 lagunek eman dute izena.
Sektorearentzat aurrerantzean programatuko diren taldekako prestakuntzen oinarri izango da hau “Aterpearekin sinatutako esparru-akordioan jaso bezala”. Udaletik nabarmentzen dute, “Usurbilgo Lanbide-Eskolaren, Ikaskuntzako Bitartekaritzarako Zerbitzuaren, Aterpea eta Udalaren inplikazioa eta elkarlana”.
Udalarentzat hirugarren sektorearen lehiakortasuna hobetzea helburu estrategiko bat dela aipatu dute.