Alebin, infantil eta kadeteen Gipuzkoako txapelketak izan ziren maiatzaren 10 eta 17an, Tolosa, Ataun eta Irunen. Hauetan Bazpi txirrindularitza eskolako gaztetxoek parte hartu zuten eta ederki gainera, bi kide alebinen txapelketako podiumean izan baitziren, Asier Pozo eta Beñat Carbayeda.
Asierrek denboraldi ederra egin du. Hainbat txapelketatan nagusi izan da eta Tolosan burutu zen Gipuzkoako txapelketan ez zuen huts egin. Lehenengo iritsi zen helmugara Gipuzkoako txapela eskuratuz.
Beñat Carbayeda ere hainbat lasterketetan lehen postuetan izan da eta Gipuzkoako txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen.
Infantil mailan, berriz, taldeko lehena Manex Altuna izan zen. Hau zortzigarren iritsi zen helmugara. Kadete mailako txapelketa, maiatzaren 17an izan zen Ataunen. Luken Carbayeda lehen urteko kadetea sailkapeneko lehen postuetan izan zen ere, bosgarren eta Iñigo Altuna hamargarren. Bestalde, maiatzaren 17an, larunbatean, alebin eta infantilak Gipuzkoako taldekako erlojupeko txapelketa izan zuten.
Proba honetan alebinak Santo Tomas Lizeoa eta Landaberri-Udarregi izenean lehiatu ziren. Santo Tomas Lizeoa taldea laugarren postuan amaitu zuen lehia eta talde bezala Bazpik eraman zuen garaipena.
Infantil mailan, berriz, Bazpi taldeko gazteak bosgarren izan ziren.
Beste lasterketak
Honetaz gain, hainbat probetan ere izan dira junior eta kadeteak aste hauetan. Esate baterako, maiatzaren 10ean, Zumaiako Saria izan zuten kadeteek. Honetan Luken Carbayeda 3. postuan amaitu zuen.
Junior mailan, aldiz, hiru lasterketetan izan dira Bazpiko gazteak. Maiatzaren 17an, Santi Kutz proba izan zen Legazpin eta Bazpiko bi gazte izan ziren lehen hamarren artean.Koldo Velasco bosgarren izan zen eta Jon Ander Unanue bederatzigarren.
Atxukale sarian, maiatzaren 11ean, Xuban Errazkin seigarren izan zen. Azkenik, maiatzaren 10ean ere, Velasco ederki ibili zen Arantzazuko igoeran. Honetan zortzigarren izan zen. Jon Ander Unanue hamaikagarren izan zen eta Xuban Errazkin hamahirugarren. Hala ere, ez dute atsedenik eta aste honetan ere lasterketaz lasterketa ibiliko dira eta maiatzaren 31ean Lasarte-Orian, Zabaleta auzoan hain zuzen ere, izango dira alebin eta infantilak.