Atletak sendo Gipuzkoako txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 26a

Atletismo taldeko gazteek Gipuzkoako bi txapelketa izan dituzte aste hauetan, Eskolarteko txapelketa eta proba konbinatuetako lehiaketa.

Gipuzkoako eskolarteko txapelketan maiatzaren 10ean, Landaberri ikastolaren izenean 22 gazte izan ziren lehian Tolosan. “Txapelketa honetan garrantzitsuena hiru talde osatu genituela da. Beste ikastetxerik ez zuen hori egin. Gazte guztiek parte hartu ahal izan zuten eta ederki egin zuten lan,” adierazi digu Amaia Andres entrenatzaileak. Landaberri B taldeak bi domina eskuratu zituen bata brontzezkoa, sailkapen orokorreko hirugarren izateagatik eta bestea zilarrezkoa, 4x60 m. lasterketan. 

Proba konbinatuak
Bestalde, proba konbinatuetako txapelketa izan zen maiatzaren 17an, Donostian. Honetan alebinek hiru proba egin zituzten luzera jauzia, 60 m. lasterketa eta pisu jaurtiketa; infantilek berriz, lau proba izan zituzten, arestian aipatutakoak eta 60 m. hesi lasterketa. Landaberriko Ainhoa Heredero eta Amasorrain ikastolako Aitor Anabitarte herritarrek brontzezko domina eskuratu zuten alebin mailan. 
Gainera, Maider Abete eta Aiora Belartieta ere lehen hamarren artean sailkatu ziren.

Infantiletan, Xalba Otxandorena Landaberri BHIko gazteak seigarren postuan amaitu zuen eta Larrun Pikabea “bere lehen urtean” hamargarren izan zen. Nesken mailan, Nerea Eugi Landaberri BHI eta Sasoeta-zumaburu ikastetxeko Leire Martin ere ederki lan egin zutela azpimarratu du Andresek.