Lasarte-Oriak aurrera egin du Herriarteko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 17a

Gipuzkoako herriarteko txapelketan final-hamaseirenak gainditu dituzte herritarrek Zestoari 4-2 irabazita. Aurreko astean etxetik kanpo 0-3 irabazi ostean, larrixeago ibili dira asteburuan Michelingo pilotalekuan, baina aurrera egin dute kadete eta senior mailetan galdu arren.

Kadete mailako bikotea Jagoba Mendizabal eta Eneko Sarasolak osatu zuten eta Mendizabalen eskuko minak gora-behera, partida txukuna egin zuten 14-22 galdu arren.
Jubenilek pronostikoak bete zituzten. Asier Arteaga eta Haritz Solanok 22-16 gailendu zuten lanak eman zizkien Zestoako bikotea. Partida hau irabazita, final-zortzirenetako txartela segurtatu zuten matematikoki.
Inolako presiorik gabe jokatutako seniorren azken partidan, Haritz Urkiak eta Mikel Elolak amore eman behar izan zuten zestoarren aurka 12-22 galduta.

Beasain dute zain
Pozik zen Jose Felix Solano prestatzailea final zortzirenetarako txartela lortuta: “denboraldi hasieran jarri genuen helburua bete dugu. Datorren astean etxean jokatuko dugu joaneko kanporaketa eta egia esan badakigu seniorretan talde ona dutela beasaindarrek, baina kadete eta jubenil mailetako partidetan ez dakigu zer topatuko dugun”.