Beltzak taldeko kadeteek denboraldia amaitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 18a

Ordiziako taldea izan zuen aurkari larunbat arratsaldean Babyauto ZRT/Beltzak taldeak Michelingo berdegunean. Aurtengo denboraldian hirugarren aldiz neurtu zituzten indarrak bi taldeek eta asteburuko partidaren aurretik garaipen bana zuen hamabosteko bakoitzak.

Goierriarrak izan ziren jokoaren jabe lehen minutuetan, baina Beltzaken defentsa onak ezerezean utzi zituen Ordiziaren aukera apurrak. Pixkanaka, metroz metro eta golpez golpe, zelaiaren kontrola berreskuratu zuten herritarrek, baina akats larri batek ordiziarren lehen entsegua ekarri zuen. Gaizki ateratako touch bat probestu zuten kanpoko mutilek baloia lapurtu eta 32. minutuan, atsedenaldiaren atarian, markagailuan aurrea hartzeko. Herriko morroskoak ez dira ordea erraz amore eman zaleak, eta kontzentratuta, motibatuta eta partida iraultzeko Samos ekin zieten bigarren zatiko 35 minutuei. Presio gogorra eginda, zelai erditik hasi zuten jokaldi azkarra Xalbat Amilibia, Andoni Amonarriz eta Aimar Mitxelenak eta azken honek berdinketa ezarri zuen Michelingo markagailuan. Jokoak intentsitate handia izaten jarraitu zuen harmailetan bildu ziren errugbizaleen gozamenerako. Izan ere, epailearen lan fin eta errespetatuaren bitartez (talde bakoitzeko kapitainak soilik hitz egin dezake epailearekin eta erabakiak txintik esan gabe onartzen dira), oso partida lehiatua ikusteko aukera izan zen. Denboraldia ixten zuen partidari baina bat jartzearren, agian, bi minutaren faltan lasarteoriatarren aldaratze batatxiki eta Ordiziak entsegua egin zuela garaipena Goierrira eramateko. Ikusleen txalo-zaparrada eta irabazleak galtzaileari egiten dion pasiloa izan zituzten gureek sari. Ez da gutxi. Errugbia ezberdina delako.