Lehen partidan Eneko Sarasola eta Jagoba Mendizabal kadeteek partida ona eta serioa egin zuten.
Hasiera ona izan zuen Lasarte-Oriako bikoteak eta 12-2 jarri zen. Zestoako Miranda-Odriozola bikoteak lekua hartu eta partida berdindu zuen. Partidak Zestoakoen alde egingo zuela zirudienean, Eneko eta Jagobak buelta eman zioten partidari eta 16-22 irabazi zuten pronostikoa hautsiz.
Jubenilen mailan, Axier Arteaga eta Aritz Solanok neurrizko partida egin zuten Gelis-Aranberri bikotea gainditu, 14-22, eta kanporaketa Lasarte-Oriaren alde jartzeko.
Azken partidan, Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola seniorrek partida ederra egin zuten. Hasieratik nagusi izan ziren eta ez zuten kontzentrazioa eta seriotasuna galdu. Erritmoz jokatu zuten eta garaipena lortu zuten, 3-22.
Era honetara, kanporaketa bideratua dagoela aipatu digu Joxe Felix Solano arduradunak. Larunbatean, kirol guneko pilotalekuan 16:00etatik aurrera jokatuko da etorriko partida.