Ostadar kadetea kopan aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 16a

Futbol denboraldia amaitzear dago. Herriko taldeak bigarren faseko azken partidak ari dira jokatzen aste hauetan, batez ere kopa lehiaketan. Texas Lasartearra taldeko erregional eta Ostadar SKT-ko kadeteak kopa kanporaketetara iritsi dira, baina kadeteek bakarrik gainditu dute lehen erronka.

Maiatzean gaude eta Ostadar SKT eta Texas Lasartearra elkarteetako futbol taldeek kopa, zein igoera edo txapeldun faseetako azken partidak jokatuko dituzte aste hauetan. Bada talderik denboraldia duela aste batzuk amaitu duenik ere, Ostadarreko Euskal Ligako kadete taldea esaterako. Baina aipatu legez,  lehian dira oraindik taldeeetako ba-tzuk eta bi talde kopa txapelketako kanporaketak jolastera iritsi dira, Texas Lasartearra elkarteko erregionala eta Ostadar kadetea taldea.

Kadetea ederki
Ostadarreko kadetea kopa  lehiaketan ederki ibili da. Lehiaketako ligillan lehenengo sailkatu zen hamar partida irabazi eta bi galduta. Kanporaketan Alexander Rodriguezen mutilek Urki izan zuten arerio eta 7-1 irabazi zion herriko taldeak. Aste honetan Real Union izango du aurrez aurre kadete taldeak. 

Texas Lasartearra taldeko Erregionalari dagokionez, aurreko urteetan kopa eta kanporaketan ongi moldatzen zen taldea genuen. Aurten ordea, ez du zorterik izan eta Oiar-tzunen aurka 7-0 galdu zuen.

Beste taldeak
Bestalde, Texas Lasartearra taldeko jubenilak eta Ostadar SKT-ko beste hainbat talde ere izan dira kopako lehian.Texas Lasartearra taldeko jubenilak bere taldeko zazpigarren bezala amaitu dute fasea. Ostadar SKT-ko kadetea B taldea 5. izan da sailkapenean. Infantil B taldeak zazpigarren eta alebinak 3. amaitu du.

Igoera ihesi
Kopatik kanpo, Jubenilen Ohorezko taldeak bigarren postuan amaitu du ohiko denboraldia eta Euskal Ligara igotzeko aukerak ihes egin dio. Sailkapeneko lehen postuan Vasconia izan da. Denboraldi osoan zehar, bi taldeen artean norgehiagoka handia izan da eta puntu bakarreko aldea egon da azkenean. Honetaz gain, infantil mailako txapeldunen fasean izan da Ostadar SKT eta honek laugarren postuan amaitu du fasea.