Ekin diote alderdiek hauteskunde-kanpainari. Datozen bi asteetan buru-belarri arituko dira herritarrei eurentzako bozka eskatuz.
Ohikoak izaten dira urtero-urtero merkatu egunean bateko zein besteko zerrendetako hautagaiak jendearekin hitz egin eta iritziak elkartrukatzen ikustea, eta aurten ere izango da halako irudirik maiatzaren 25a bitartean.
EH Bilduren agerraldia
Hauteskunde kanpaina hasi den egunean bertan, Okendon ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk.
"Herritarren eskubideei BAI, Troikaren Europari EZ" lelopean, Joxean Arregi eta Pablo Barriok hartu dute hitza.
Alkateak adierazi du Lasarte-Oriaren "Guztiona" marka Europara eraman eta bertan gailentzen ikustea gustatuko litzaiokeela.
Hauteskundeetan parte-hartzeko deia zabaldu eta Espainiaren parte izatetik Europaren zati izatera igarotzeko aukera bakarra EH Bildurena dela esan du.
Joxean Agirre EH Bilduko kideak bere aldetik, ezinbestekotzat jo zuen Josu Juaristi hautagaiaren ahotsa Europako parlamenturaino iristea "erabakitzeko eskubidea eta presoen eskubideen defentsa" egiteko.
Horretaz gain, besteak beste, programan "politika fiskal aurrerakoia, ingurugiroarekiko errespetua, justizia soziala eta pertsonen ongizatea" bultzatuko dituztela adierazi du Agirrek. "Agintera iritsi izan garenean frogatu dugun bezala, herritarrek hitza ematen digutenean, bete egiten dugu", azpimarratu du.
Hitzaldia asteazkenean
Asteazkenean berriz, Julen Arzuaga Eusko Legebiltzarreko parlamentariak eta Iria Rodriguez EH Bilduren zerrendako kideak "Migrazio Politika eta Segurtasuna" hitzaldia eskainiko dute Villa Mirentxun arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Gainontzeko alderdiek ere datozen egunotan egingo dituzte agerraldiak.