Javier Krahe, Hodeiertz abesbatza eta Elebeltzeko musika-jaialdia izan dira asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 11

Hiru musika emanaldiz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek ostiral eta larunbatean. Brigidatarren komentuan Tolosako Hodeiertz abesbatzak egin zuen kantuan, Zulo aretoan Javier Krahe kantautorearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen eta Elebeltz Topagunean berriz, Despervicio, Hurto, Milaka Kolore, Jokin Skywalker, Txuki eta Amatxo Maitia Sound Antisystemenen eskutik musika jaialdia egin zen.

Asteburuan ez da musika proposamen faltarik izan. Ostiral ilunabarrean Danok Kide elkarteak antolatutako IX. Musika topaketen barruan, Tolosako Hodeiertz abesbatzaren emanaldia izan zen ikusgai Brigidatarren komentuan. Jende asko hurreratu zen Enrique Azurza zuzendariaren esanetara aritu zen abesbatza entzutera eta ia guztiz bete ziren elizako eserlekuak. Ostiralean bertan, baina gauez, Javier Krahe kantautore madrildar ezagunaren emanaldia izan zen.  “Los diez de ultimas" diskako lanak eskaini zituen ohi bezala letra ironiko, errima burutsu eta doinu samurrekin. Bete-beteta zegoen Zulo Aretoa.

Elebeltzeko jaialdia
Guztira sei talde edo norbanako oholtzaratu ziren. Lasarte-Oria eta Hernaniko kidez osaturiko Despervicioren rock doinuek eta Lakabeko Hurto taldearen punk estiloak ireki zuten jaialdia eta festa gaueko ordu txikietara arte luzatu zen Milaka Kolore, Jokin Skywalker, Txuki eta Amatxo Maitia Sound Antisystemen musikarekin.