San Pedrotarako kartel proposamenak aurkezteko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 29a

Udaleko Gazteria eta Festak sailak beste urte batez San Pedro jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan. Otsailean eman zuen udalak honen berri eta dagoeneko lanak aurkezteko azken egunak dira. Artistek maiatzaren 5era arteko epea dute lanak aurkezteko. Aurtengoan irabazlearentzat saria 600 eurokoa izango da.

Kartel bakarra hautatuko da herriko jaiak iragartzeko. Nahi duen edonork parte hartu eta nahi beste proposamena aurkeztu ditzake. Hori bai, lanak jatorrizkoak izango dira, eta beste lehiaketatan saritu gabeak. Baldin eta kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza intelektuala egilearen esku ez badago, kartela ezingo dela aurkeztu azpimarratzen dute udaletik.

Aurkeztutako lan guztietan “San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2014” jarri beharko du. Kartela lantzeko teknika librea da eta kartelak digitalean nahiz formatu fisikoan aurkeztu ahalko dira, eta izenburu batekin identifikatu beharko dira. “Kartelak ez dira egilearen izenarekin identifikatuak egongo”.

Kartela formatu digitalean aurkezten bada, JPG formatuan, 50x70 zm-ko tamaina eta 300 pixel hazbeteko.  Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da eta lanak posta elektronikoz bidaliko dira, sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu helbidera. Mezuan atxikita testuzko dokumentu bat joango da egilearen datu pertsonalekin.

Kartela formatu fisikoan aurkezten bada, kartelak 50x70 cm-ko tamaina izan beharko du. Lanak Gazteen Informaziorako Bulegoan aurkeztuko dira (Gaztelekuan), asteartetik ostiralera, 12.00etatik 21:30etara eta larunbatetan 10.00etatik 14.00etara eta 16.30etatik 20.00etara. Kartelaren izenburuak haren atzealdean egon beharko du idatzia. Kartelari gutun-azal itxi bat atxikiko zaio, egilearen datu pertsonalekin. Proposamenak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da beraz, lanak aurkezteko azken egunak direla gogoratu nahi dute udaletik.

Herritarren iritzia kontutan

Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak www.lasarteoriasarean.eu webgunean ikusgai jarriko dira, sinadurarik gabe eta izenburuaren bidez identifikatuak. Webgunean erakusteko, egileek espresuki baimena ematen dute lehiaketara honetara aurkeztearekin.

Herritarrek ikusgai jarriko diren kartelei buruz duten iritzia adierazi ahalko dute, eta iritzi hori aintzat hartuko da kartel irabazlea hautatzerakoan.