Gazteek gaur egun lan munduan bizi duten "prekarietatea eta ezegonkortasun zein segurtasun eza" salatzeko, kanpaldia egin du herriko Ernaik Okendo plazan, zehazkiago esanda, Udaletxe atariko belazean.
Ostegunean jarri zituzten kanpin dendak eta lehen eguna gunea eraiki eta ekintzak adosteko erabili zuten batik-bat.
Ostiral goizean herriko hainbat saltoki handitan ekintza deigarriak egin zituzten eta arratsaldean berriz Ainhoa Beola EH Bilduko kideak hitzaldia eman zuen Kutxabanken inguruan.
Hurreratu ziren 20 herritarrek zituzten zalantzak, galderak eta amorrazioak entzun eta hauei irtenbidea ematen saiatu zen Kutxako Administrazio Kontseiluko kidea.
Kutxabanken funtzionamenduaren argazki orokorra atera eta kutxek gizartegintzan duten papera eta ardura ere aztertu zituen. Horretaz gain, desjabetzeak, gazteen lan-baldintzak, alokairu soziala eta Kutxabanken euskara zerbitzua ere izan zituzten mintzagai.
Gauean, afalostean, Zarauzko Mor More taldearen kontzertua egin zen gunean.
Gaur goizean "Amesteko gunea" jaso, txukundu eta Bilboko manifestazio nazionalerako bidea hartu dute hainbat gaztek.
Kezkatzeko datuak
Ernaik aurkeztutako "Gazteria, lana eta prekarietatea" dossierraren arabera, Euskal Herriko gazteen %72a baino gehiago ez da pobreziaren langa igarotzera iristen eta krisia hasi zenetik sinatzen diren kontratuen %95,5 aldi baterakoak izaten dira.
Ondorioen artean, nagusiki bi aipatzen dituzte: “emantzipatzeko ezintasuna eta migratzera behartzea”.
Arazo honi irtenbidea aurkitzeko argi du Ernaik neoliberalismoaren aurka egin behar dela, tresna “politiko eta ekonomikoak” erabiliz eta “burujabetza” aldarrikatuz.