Jai giroa nagusi Azkorten

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 4a

Urteroko hitzorduari jarraiki lasarteoriatarrek erromeria eguna ospatu dute gaur Azkorten. Eguraldia lagun, jende asko gerturatu da Buruntza mendiaren magalean kokatuta dagoen baselizara.

Ohiturari eutsiz, Azkorten jai giro izan da gaur nagusi. 11etan meza berezia egin da eta honetan Alboka abesbatzako kideek abestu dute. Amalur trikiti eta pandero eskolako lagunek dantzarientzako doinuak ere jarri dituzte. Honen ostean, gehienek hamaiketakoa egin eta Ane Labaka eta Beñat Iguaran bertsolariek eskainitako saioaz gozatzeko aukera izan dute.

Bertsolariek gazte falta sumatu dute ermita inguruan eta hauek bertaratu ez izanaz jardun dira besteak beste. Jendeak hamaiketakoari arreta gehiago eskaintzen ziola esan dute eta txalo falta ere nabarmendu dute bertsolariek oholtzatik ikusleen irribarrea eraginez.

Amalur trikiti eskolako  kideen kantekin dantzarako tartea izan dute bertaratutako haur zein helduek. Jarraian, herri kirolen txanda izan da. Harria jasotzen izan dira Urtzi eta Beñat Telleria eta erakustaldi polita eskaini dute Ugaitz eta Aratz Mugerza aizkolariekin batera.

Ikusleak animatzeko, erronka ere egin dute. Proba konbinatuan aritu dira Beñat Aratzekin eta Urtzi Ugaitzekin bikoteak eginda, 30 altxaldi eta 6 egur. Gazteak zaharrenen aurka lehiatu dira eta saio guztian indarrak nahikoa orekatuak egon arren, azkenean  garaipena anai zaharrentzat izan da.

Musikarekin amaiera eman zaio goizari. Aipatu behar da erromerian urtero tabernatxoa ere jartzen dela eta Etxezarretako haragi, odolki eta txorixo pintxoek arrakasta handia izan dutela sagardo, ardo edota freskagarriez lagunduta. 

Argazki guztiak eta bideoak hemen.