Ostadarreko neskak Gipuzkoako txapeldun

jon-altuna-egitegi 2014ko maiatzaren 4a

Ostadarreko kadete mailako neskek balentria egin dute gaur arratsaldean Aieteko kiroldegian. Denboraldi honetan 22-0eko partziala eskuratu dute Errendimendu Ligan Gipuzkoako txapeldun izateko. Lauko Finalean lehenik Atletico SS kanporatu zuen larunbatean (62-52), eta final handian berriz Añorgari gailendu zaio oraintsu 56 eta 63ko emaitzaz. Juniorrek berriz, 46-39 irabazi zioten larunbat arratsaldean Lasarte-Oriako kiroldegian jokatutako parte-hartze ligako partidua.

Irabazteko moduak eta moduak egoten dira. Askotariko moduak. Eta Ostadarrek modu ikusgarrian eskuratu du kadete mailan errendimendu Ligako txapela.
Denboraldi honetan ez dute alerik galdu eta horretan zeresan handia izan dute jokalariez gain, Itziar Bermudez eta Ander Otaegi entrenatzaileek.
“Ez genuen espero, iaz igo ginen maila honetara eta irabazi egin dugu Liga, gauzak ondo egiten ari garenaren seinale da”, dio Otaegik.
Larunbatean jokatu ziren Lauko Finaleko lehen partidak. Atletico San Sebastian kaleratzeko gai izan ziren herritarrak 62 eta 52ko emaitzaz eta Añorgak 40-33 irabazi zion Azpeitiari beste finalaurrekoan. 
Hortaz, finalean Ostadar eta Añorga izango ziren aurrez aurre.

Final gorabeheratsua
Oro har, neurketa serioa jokatu dute Ostadarreko neskek, baina partidaren zenbait unetan urduritasuna gailendu da herriko nesken jokoan. Dena den, egindakoaz harro mintzo zen Otaegi: “Ondo ekin diogu partidari, 7-0eko partzialaz, baina atsedenaldian Añorgarrek ia hamar puntuko aldea ateratzen ziguten. Urduritasuna nabaritu dugu, finala izatearen tentsioa. Presioa ondo egin digute, baina bigarren zatian hobetu eta partida iraultzea lortu dugu, neskei zorionak eman beharrean gaude”.
Beste garaipen bat. Guztira denboraldi honetan 22. Eta galdutakoak alerik ez. Garaipen guzti horiek gainera zazpi jokalarirekin bakarrik erdietsi dituzte: Ainhoa Morales, Yaiza Navarro, Oihane Lizaso, Sara Zulaika, Haizea del Olmo, Itsaso Mercero eta Uxue Rodriguezekin hain zuzen. Gogoratzeko moduko denboraldia osatu du taldeak.

Lehen postuaren bila
Bestalde, Endika Marrahi eta Mikel Bermejoren junior taldeak fase honetako lehenengo postua du jokoan eta oraingoz ongi bideratuta daukate borroka.
Ayma Goierri dute herritarrek arerio eta larunbatean urretxuarren aurka joaneko partidua 49-39 irabazi ostean, maiatzaren 11n, igandean jokatuko dute itzulerako norgehiagoka 12:15etatik aurrera Urretxuko kiroldegian. 
Endika Marrahi prestatzailea baikor da: “Lehen itzulitik hobetu egin dugu,konfiantzaz jokatzen dugu eta gainera sei puntuko abantailarekin goaz”.