Euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren inguruko mozioa aurkeztuko du EAJk datorren asteartean izango den udalbatzarrean. Ohar bitartez honakoa izango dela jakitera eman dute:
“Eusko Jaurlaritzak Gobernantza Demokratikoaren Institutuari eskatu dio Euskal Kirol Federazioek euskal kirol federatua ordezkatzearen bideragarritasun juridikoari buruzko txostena egitea. Txosten hau legelari adituen talde batek egin du, eta iragan apirilaren 10ean aurkeztu zen jendaurrean, Euskal Kirol Federazioen Elkartearekin batera antolatutako jardunaldian, horretan euskal kirolaren erakunde eta eragilerik esanguratsuenek parte hartu zuten.
Txosten horren ondorioen azalpenak ikusita, honako hauek esan daitezke:
- Ez dago eragozpen juridikorik Estaturik gabeko nazio edo lurraldeetako federazioek nazioarteko federazioen parte izan daitezen eta lehiaketa ofizialetan parte har dezaten. Hau da, Espainiako, Europako edo nazioarteko ordenamendu juridikoan ez dago euskal federazioen proiekzio edo dimentsio internazionala debekatu edo eragotziko duen aginduzko araurik.
- Kontua ez dago, beraz, ezintasun juridikoan, baizik eta borondatean, eta hiru dira honen inguruan batu behar diren borondateak:
- Euskal kirol federazioen aldetik, integrazioa eskatzeko borondatea.
- Espainiako federazioen eta beren Administrazio tutoreen borondatea, integrazio hori ahalbidetzekoa edo ez eragoztekoa.
- Nazioarteko federazioen borondatea, beren araudian baldintza egokiak jasotzekoa eta, ondoren, integratzeko eskariak onartzekoa.
Ondorioz, atxikipen eskariari uko egingo balitzaio –eta, arestian azaldutakoaren arabera, ez litzateke inolako eragozpen juridikoagatik izango–, Kiroleko Arbitraje-Auzitegia delakoaren aurrean errekurtsoa jartzeko bidea aztertzeko aukera dago, eta, baita ere, eztabaida juridikoa plantea daiteke Europako erakundeen aurrean (Europako Batzorde eta Luxenburgoko Epaitegiaren aurrean, edo Europako Legebiltzarraren aurrean), nazioarteko kirol lehiaketetan parte hartzeko mugatze hori (kasu honetan Europaren mailan, EB osatzen duten 28 estatuetan) EBko tratatu eta hitzarmenetan aurreikusten diren askatasunen kontrakoa ote den argitzearren.
Azaldutako horregatik guztiagatik, Udal Taldeek Udal Txit Goren horri planteatzen dizkiote honako,
Akordioak:
Lehena: Udal Korporazioaren babesa adieraztea euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren aldeko aldarriari.
Bigarrena: Aurrera eraman nahi den neurrian saiatzeak merezi duenez, euskal federazioak animatzea nazioarteko ofizialtasuna lortzeko bide juridikoak aztertzera eta agortzera, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.