Gaztelekuaren lehenengo urtean egindako lanaz harro

Txintxarri Aldizkaria 2014ko maiatzaren 7a

Eguerdian egindako agerraldian Taxio Arrizabalagak Gaztelekuaren lehenengo urteaz balorazio positiboa egin du. Gazteei baliabideak eman zaizkie eta hauek zerbitzu ezberdinez baliatzen ari direla azpimarratu du. Baliabide horietako bat dira entsegu gelak eta hauetan 19 talde aritzen dira.

Lasarte-Oriako autodromoa musika munduan erreferente izan zen 80. hamarkadan. Nazioartean ezagunak ziren abeslari eta taldeek jo zuten bertan. Mari Wilson abeslari ingelesa izan zen Autodromoan egon zen izar horietako bat. Orain Gaztelekuan kokatu dute Marivi Ibarrolak kontzertu hartan egindako argazkietako bat.

Sarreran tamaina handian jarri dute Autodromoko irudia eta Taxio Arrizabalaga zinegotziak azaldu du zergatia.

“Gaztelekuan egun 19 talde ari dira entsaiatzen, hau nahi dugu izatea talde berrientzat erreferente”. AOD, DYPA, Radio Nowhere, The Garax, La huerta del punk, A human disaster, Son Kandela, Strummer band, Electronic galery, Obito, Withowt me, Psikoacustic, Hogei minutu, Zokormazo eta partikular moduan izena eman duten beste hainbat ari direla esan du.

Sarrera elektronikoa

Gaztelekuko entsegu gelak pixkanaka betetzen joan dira urte honetan. “Oztopo bat izan da talde askorentzat Gaztelekuaren ordutegia. Orain artean ordutegi mugatua izan du eta bertako erabiltzaileak gazte informazio bulegoarenera moldatu behar izan dira. Ahalegina egin da taldeen artean ordutegiak ahalik eta hoberen banatzen, laster ordea ez dugu halako arazorik izango”. 

Arrizabalagak azaldu du datozen asteetan “Gaztelekura sartzeko txartel bidezko sarrera elektronikoa jarriko dela martxan eta erabiltzaile guztiek izango dutela aste osoan zehar nahi dutenean sartzeko aukera”.

Horretaz gain, Gaztelekua pixkanaka proiektu ezberdinez eta edukiz bete dela esna du Taxio Arrizabalagak. “Proiektuaren helburua hasieratik gune berria hau gure Udalerriko gazteei beraien asmoetarako baliabideak eta aisialdi nahiz aholkularitza zerbitzu ezberdinak eskainiko dizkien erreferente bat bihurtzea izan da”.

Erronkak

Nerabeentzako zerbitzu berria jartzea izango da erronka nagusietako bat. Hurrengo ikasturtean martxan jarriko da eta nerabeen ezaugarri, interes eta beharrei erreparatuta, horiengan eragiteko helburua izango du. Honek pertsona eta hiritar eraikuntza modu ezberdinen garapenerako baldintzak sortzea bilatuko du.

Neska-mutilei ingurune hurbilenean aurki ezin ditzaketen aukerak bilatzen lagunduko die eta bizitzan aurkituko dituzten arrisku egoerei autonomoki erantzun ahal izateko baliabideak eskaintzea bilatuko du besteak beste.

Sexologia zerbitzua izango da beste berrikuntzetako bat. Emakumeen zentroan dagoeneko martxan dago sexu aholkularitza bulegoa. Baina asmoa honen funtzionamendua mugikorra izatea da zerbitzua ahalik eta herritar gehienei eman ahal izateko. Horregatik, ostegunetan 18:00etatik 20:00etara, sexu aholkularitza bulegoa Gaztelekuan egongo da.