Irudi eta ekintza berriak Emakumeen zentroan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko api. 25a, 19:59

Lasarte-Oriako Emakumeen zentroak filosofia aldaketa bat izan du eta honen erakusle, zentroaren irudi eta ekintza berriak izango dira. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte guztiak.

Sexuen elkarbizitzarako emakumeen zentroaren irudi berria aurkeztu du gaur aratsaldean Pablo Barrio alkateak, Maria Salsamendi berdintasun teknikaria eta Arantxa Zulaika eta Ainara Altuna disenaitzaileekin batera.

Pablo Barrio alkateak azaldu duenez, Emakumeen zentroak filosofia aldaketa bat izan du, “non elkarbizitza eta pertsonen nahiz sexuen eskubideak hartzen ditugun ardatz nagusi gisa”.

Aldaketa hori papereratu nahi izan du Udalak eta herriko bi artistek Arantxa Zulaika eta Ainara Altunak zentroaren irudi berria diseinatu dute.

Hauen hitzetan, Emakumeen zentroak ateak irekiak dituela erakutsi nahi izan dute eta horretarako, adin, sexu eta kultura ezberdinetako pertsonen ilustrazioak egin dituzte, “hauek jarrera dinamikoa dute eta esteriotipoetatik aldentzen dira”.

Gainera, Emakumeen zentroan erabiliko diren euskarri guztien esku liburua egin dutela ere azaldu dute.

Ikastaro berriak

Maria Salsamendi teknikariak, berriz, Emakumeen zentroko egitarauan egongo diren berrikuntzak azaldu ditu.

Astean behin egiten diren yoga, bitxiak, bio-dantza, antzerkia edo kantua ikastaroez gain, eskaintza zabaldu eta ikastaro teknikoagoak eta epez laburragoak direnak eskainiko direla eman du jakitera, hala nola, “Emakumeak historian”, “Hezikidetza, umeen heziketaren gakoa”, “Oinarrizko Internet”, “Jendearen aurrean hitz egin dezagun” edo “Sexualitatea nola landu haurrekin”.

Izena ematea

Ikastaroetan parte hartzeko aurreinskripzio egunak apirilak 28 eta apirilak 29 dira. Matrikula berriz maiatzean egingo da.

Ikastaroen prezioak edo informazio gehiago Udaleko web orrian, Sexuen arteko bizikidetzarako emakume zentroan edo emakumezentroa@lasarte-oria.org helbide elektronikoan eskuratu daiteke.

Beste ekintzak
Era berean, Emakumeen zentroan genero ikuspegia lantzeko bideo-foruma egingo da hilabeteko bigarren asteazkenetan. 

Hitzaldiak ere izango dira, “Zoru pelbikoaren indartzea” eta “Etxeko laguntzaile ezagutu itzazu zure eskubideak”. 

Azkenik, zentroa erakusketa gune bihurtu nahi dutela ere aipatu du Salsamendik. Horregatik, Gehitu elkarteak sustatuko “Homosexualak historian“ erakusketa ere izango da ikusgai zentroan maiatzaren 16tik ekainaren 27a arte. 

Erabiltzaileen protesta

Bestalde, agerraldiaren ostean, emakumeen zentroko erabiltzaileen batzordeak aurkeztutako egitarauarekin bat ez datorrela jakin arazi du.

Emakume taldeak eskaera handia zuten ikastaro batzuk murriztu eta batzordeari emandako hitza bete ez izana salatu du.