Xumela Katalunian enbaxadore

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 26a

Herriko Xumela koruak Euskal Herriko mugak gainditu eta Zarauzko Montetxio koruko zein Hondarribiko Olagarro koruko kideekin batera Kataluniara joango da. Asteazkenean abiatuko dira Girona aldera eta bertan igaroko dituzte lau egun. Kanta artean, herri ezberdinak bisitatuko dituzte.

Xumela koruak euskara eta euskal kultura zabaltzeko helburuarekin egiten du lan “modu alai eta irekian”. 

Astero elkartzen dira 50 lagundik gora elkarrekin kantatzeko eta ondo pasatzeko. Azken egun hauetan maizago aritu dira abesten, izan ere, oraingoan Euskal Herriko mugak zeharkatu eta Zarauzko Montetxio koruko zein Hondarribiko Olagarro koruko kideekin batera Kataluniara doaz ehundik gora lagun. Asteazkenean, apirilaren 30ean abiatuko dira Girona aldera eta bertan igaroko dituzte lau egun.

Azken asteetan asko izan dira Xumelak egindako entseguak. Katalanez ere zerbait ikasi dutela esan digute. 

Kataluniako egungo egoera Assenblea Nacional Catalanako kideen eskutik jaso ahal izango dute eta honetaz gain, egitarau estu batez gozatzeko aukera izango dute.

Maiatzaren 1ean, Lladó herrian izango dira eta bertako erromerian parte hartuko dute kantari.

Maiatzaren 2an, Dali museoaz gozatu ondoren Girona hiriburuan bisita gidatua egingo dute kantuekin girotuz.

Maiatzaren 3an, Besalúko Peñy Blaugranakoekin (Bar-tzelona futbol taldeko jarraitzaileak) dute hitzordua eta bazkaria, sardanak, fandangoak eta kantuak partekatuko dituzte.

Gironako Banyoles herrian hartuko dute ostatu eta bertakoei ere kantuak partekatzeko aukera izango dute koruko partaideek. 

“Espreski bi kantu katalanez ikasi ditugu, egun hauetan haiekiko maitasuna haien hizkuntzan helarazteko asmoarekin”.

Lasarte-Oriako eta Euskal Herriko enbaxadore izango dira egun hauetan Xumelakoak eta aipatu digutenez, sekulako ilusioarekin doa taldea Kataluniara. 

“Abestiak dioen moduan “Bizitza kantu bat da” sinestuta” .