Okendo plazan egin zen elkarretaratzean, azken hilabetean hasitako ekimenari jarraipena emanez herriko presoen berri ematen zuten.
Lehengo hilabetean Ibon Fernandez Iradiren egoeraz mintzo ziren; aste honetan, berriz, Rafa Diez eta Jabi Gallagaren berri eman zuten haien senide eta lagunek, “hurbiletik jaso nahi baitugu haien berri”.
Ekitaldia hasi baino lehen, hurbildu ziren pertsonen hitzak bildu eta presoei bidaliko zaien eskutitz mosaiko bat osatuko dutela adierazi zuten antolatzaileek.
Honetaz gain, Ibon Fernandez Iradiren gaixotasuna dela eta egin den zigorra eteteko eskaera maiatzaren 12an aztertuko dela ere eman zuten jakitera.
Jarraian, Algortatik etorri ziren Jabi Gallagaren ama eta anaia Toñi eta Mikelek Kordoban bizi duen egoeraz mintzatu ziren; Naike Diez Rafaren semeak aitak Santoñan idatzitako eskutitza irakurri zuen eta bisitara joandako bi presoen lagunek ere haien bizipena eskaini zuten.
Bilkura amaitzeko, Jabi eta Rafari zuzendutako bertsoak ere entzun ahal izan ziren.
Eta aurreratu zutenez, hurrengo hilabetean, Xanti Arrozpide eta Aitzol Iriondo izango dira gogora ekarriko dituztenak.
Bertsoak:
Doinua: Uso txuria zera zu
Iraganeko Lasarte,
ilusioen aterpe,
ametsak ez daude merke!
Jabi eraman zigutenenik
pasa dira hainbeste urte,
eta zauriak ez dira itxiko
etxera itzuli arte.
Lan egiteko kemena
ta amesteko ahalmena,
hori da Rafak duena.
Pauso bat haratago eman nahi
ta lotuta daukatena;
gerra zaleek bakea baita
duten etsai handiena.
Momentu gogorrenetan
egon behar da benetan
maite ditugunen bueltan.
Mendeku senak preso dauzkate
Espainiako zuloetan,
baina geroa ezin da erein
iraganeko minetan.