PSE-EEk bidalitako oharrean dio onartu berri diren 2014rako udal aurrekontuek herriaren garapena gelditzen dutela.
Zaballosen esanetan “gobernu honekin aukera galduko dugu Zabaleta-Berriko partzelaren salmentarekin eskuratuko diren 3 milioi euroak herritarren beharrei erantzuna emateko bideratzea. Ez dakigu noiz arte itxaron beharko dute herritarrek Lasarte-Orian inbertitu dadin”.
Kritikatzen dute Bilduk ez dituela herritarren beharrak ezagutzen. “Ez dakigu nola bozkatu zuten Garaikoetxeako leihoen berritzearen aurka, edo parke eta kirol instalazioen hobekuntzaren kontra, komun publikoak jarri, igogailuak instalatzeko diru laguntzak ematearen aurka… besteak beste”.
PSE-EEk aurrekontuen kontra bozkatu zuen “biharko Lasarte-Oria hipotekatzen ari direlako, diru sarrerak ez dira egun batetik bestera aldatuko. Horregatik 3 milioi euro horiek inbertitu ezean, aurrera egiteko oztopoak jartzen ari dira”.
Gainera PSE-EEren hitzetan, “denborak arrazoia ematen digu beti. Izan ere, Bildu, EAJ eta LOHPk azkenean sozialistek egiten ditugun proposamenak gauzatzen dituzte. Horrela gertatu zen iaz. 2013an kaleak asfaltatzeko 250.000 euroko partida eskatu genuen eta orain, 2014ko aurrekontuetan, 273.000 euro bideratuko dituzte asfaltatze lan horiek egiteko”.
Sozialistentzat urte bete galdu da “herritarren kalterako beste behin”.