Rafa Lopez herritarraren kontakizun labur bat argitaratu du ArtGerust argitaletxeak "Realismo sucio, microrelatos homenaje Charles Bukowski" liburuaren baitan. Herritarrak aipatu digunez, mila partaide baino gehiagok parte hartutako lehiaketa batean 150 hautatutakoen artean hautatu dute bere istorioa.
Liburua, alemaniar jatorriko Charles Bukowski egindako omenaldi txiki bat da. “Charles Bukowski edo haren alter egoa den Henry Chinasky, irakurri izan dudan idazlea da, beti egin zait erakargarri bere idazkera zuzen eta probokatzailea. Factotum, Postaria edo Emakumeak bezalakoak, irakurrita dauzkat. Liburua eta bertan parte hartzeko aukera ikusi nuenean, ez nuen duda izpirik ere izan. Buru belarri jarri nintzen kontakizunak idazten. Bi Kontakizun bidali nituen eta horietako bat, aukeratua izan zen”.
Liburua 14 eurotan dago salgai argitaletxearen web orrian besteak beste. Honakoa da kontakizuna:
ETXEKO JABEA
Buruak eztanda egingo dit, etxeko jabea ate joka ari da eta ez da gelditzen, atso halakoa! Badaki barruan nagoela eta gainera, bi hilabete baino gehiago zor dizkiot. Sofatik justu-justu altxa eta hautsontzia bota dut ukondoarekin, dena zabaldu da lurretik eta kaosa handiagoa da orain. Estropozu egin dut Whiskey botilarekin eta lurrera joan naiz ia ia. Lortu dut, iritsi naiz ateraino, kolpeak ez dira gelditzen, ate zulotik begiratu eta bera da, kaka zaharra! Ireki dut atea eta errietan hasi zait atsoa, ordaintzen ez badiot botako nauela. Buruan bonba nuklear bat daukadala iruditzen zait. Eman diot gainean daramadan diru guztia, badirudi konforme geratu dela, ahotzar hori isildu da behintzat. Itxi dut atea, apartamentuari begiratu eta tragoa, dutxa eta errebolberraren bila hasi naiz. Lanera joan behar dut. Bihar, bere dirua izango du atso aluak.