Sole Garro Eizmendik 100 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 18a

1914ko apirilaren 18an jaio zen Sole Garro Eizmendi, Orian. Mendeurrena ospatzeko senide guztiak bildu dira gaur eguerdian Sasoeta auzoko San Marcial kaleko etxean, Soleren egungo bizitokian. Pablo Barrio alkatearen bisita jaso du, “Zorionak zuri” kantatu diote eta xanpainarekin topa egin dute, ez baitira egunero 100 urte betetzen. Haren alabek kontatu dute betidanik izan dela pertsona “baikorra” eta sinetsita daude bizitzarekiko ikuspuntu horrek asko lagundu diola osasuntsu zahartzen. Ez baita erraza izan Soleren bizitza.

Lan asko egin zuen gazte-gaztetatik Brunet Fabrikan, 13 urte zituenetik hain zuzen. “Egun erdiz egiten nuen lan eta lau pezeta irabazten nituen astean, zer iruditzen zaizu?”, dio Solek ahots indartsuz. Halakoa izan baita emakume oriatarra bere bizitza osoan zehar, “indartsua eta esker onekoa” haren alabek dioten bezala.

Isidro Agirrerekin ezkondu zen 1942. urtean eta gerraosteko urte zailetan Zaragozara joan behar izan zuten erbesteratuta. Bost alaba izan zituzten: Joaki, Marian, Xole eta zenduta dauden Carmen eta Consuelo. Duela 43 urte etorri zen egun bizitoki duen Sasoetako San Marcial etxera eta geroztik bertan bizi da.

Egoera onean dago Sole Garro, apain, argi, umoretsu eta inguruan gertatzen den guztiari adi. Pozarren erantzun ditu kazetarien galderak eta 100 urtez bizitzeko sekretua zein den galdetuta “ardo kopatxo bi, bat eguerdian eta bestea gauean”, erantzun digu.

Hondarribiko Laia jatetxean bazkalduz emango diete jarraipena ospakizunei Solek eta bere ahaideek.

Zorionak Sole!