Saskibaloi taldeak finaletan izango dira

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 24a

Denboraldi ederra egin dute Ostadar SKT-ko saskibaloi taldeek. Kadete taldeak partida guztiak irabazi ditu eta jubenilak ere ez dira atzean geratu, bigarren fase honetan. Ondorioz, bi taldeek maiatzaren 3an hitzordu garrantzitsuak izango dituzte. Kadeteek final-erdiko partida izango dute eta jubenilek berriz, lehen postuko joan-etorriko lehia hasiko dute.

Ostadar SKT-ko saskibaloi ataleko kadete neskek denboraldi itzela sinatu dute. Errendimendu ligan jokatutako 20 partidatik 20ak irabazi dituzte eta horregatik, final four-an sartu da taldea.

Apirilaren 12an, etxean jokatu zuen azken partida Itziar Bermudez eta Ander Otaeguik zuzendutako taldeak eta ez zuen huts egin. Bera Bera Manteok ederki egin zion aurre eta denboraldiko nekeaz baliatu zen, baina azkenean 59-38 gailendu zen  Ostadar SKT taldea.

Entrenatzaileek aipatu digutenez, nahiz eta partida batzuetan errendimendua jai-tsi, ez dago irabazi dion talderik, eta “errendimendu ona dutenean izugarrizko partida egiteko gai dira”.

Final four

Orain kadeteak indarrak berreskuratzen ari dira. Izan ere, hurrengo astean final four-a jolastuko dute Bera Berako kantxan.

Ostadar SKT-rekin batera Añorga, Azpeitia eta Atletico San Sebastian sailkatu dira. Txapelketako garailea Gipuzkoako txapeldun bihurtuko da.

Maiatzaren 3an, final-erdiak jokatuko dira Ostadar SKT-Atletico SS eta Añorga -Azpeitia dira. Igandean, berriz, finala jokatuko da.

“Urte osoko lanak oparia du, Gipuzkoako finalean jolastea eta gure neskak merezita sartu dira, eta ea irabazten duten,” adierazi dute entrenatzaileek.

Jubenilak ere bikain

Jubenilek apirilaren 05ean eman zioten amaiera partaidetza ligako bigarren faseari eta ederki gainera, Andraitz taldea garaitu zuen 35-88.

Fase honetan Endika Marrahi eta Mikel Bermejoren neskek 7 partida jokatu dituzte. Hauetatik bat galdu eta sei irabazi ditu taldeak eta horregatik Ostadar SKT sailkapeneko bigarren bezala amaitu du fase hau.

Endika Marrahi entrena-tzaileak azaldu digunez, “asko kosta zaigu maila honetara iristea, jokalari gehienek urtebete egin zuten jolastu gabe. Nahiz eta lehen fasean igoera taldean ez sartu, bigarren fasean egiten ari direna harro egotekoa da”.

Lehenen postuaren bila

Orain Endika Marrahi eta Mikel Bermejoren taldeak fase honetako lehenengo postua du jokoan.

Arerio Ayma Goierri izango da eta joan-etorriko partidak jokatu beharko dituzte, bata maiatzaren 3an, larunbata, 16:00tan, Kiroldegian eta bestea, maiatzaren 11ean, igandea, 12:15ean, Goierrin.