Ez ohiko udalbatzarrean onartu da 2014ko aurrekontua. Hala ere, saioa PSE-EE eta PP-ren osoko zuzenketekin hasi zen. PSE-EEren ustetan “aurrekontuetan ez dago etorkizuneko ikuspegirik” Aurreikuspen falta leporatu dio udal gobernuari eta tartean, udaletxe barruan burutzen ari den administrazioaren berrantolaketa prozesua bukatu gabe egonda, pertsonalean eragina duten hainbat modifikazio proposatzen direlako aurrekontu hauetan. “Arkitekto tekniko bat hirigintzatik zerbitzuetara pasatzea, gizarte zerbitzuetako burua lanposturako hizkuntza perfil bat zehazten da, Jaurlaritzak eskatzen duena baino baxuagoa eta udaltzainen kasuan, 5 kabo postuentzat epe desberdinak zehazten dira hizkuntza eskakizuna edukitzeko derrigortasunerako, honek zuzenean hiru langileren onurarako ez ote da egiten?”
Zabaleta-Berriko partzela baten salmentak 3milioi euro ekarriko dizkio udalari eta udalgobernuak aukera ona galdu duela salatu du Jesus Zaballosek. Nerea Sanchezek, egun herrian etxebizitza arazoa larria dela eta diru hori hartu beharrean etxebizitzako jasotzea neurri ona dela defendatu zuen. Hauek alokairu sozialean aterako ditu udalak.
Osoko zuzenketa bertan behera gelditu da alderdiek bozkatzean. PP-ko ordezkariak ere osoko zuzenketa aurkeztu du. “Batetik adostutakoa baino bost hilabete beranduago aurkeztu direlako, pertsonalari dagokionean legearen kontrako hainbat neurri aurreikusten direlako eta gastuetan ez ditu lehenensten herritarren beharrak”.
Nerea Sanchezek erantzun zion aurrekontuetan herritarrek parte hartze prozesuetan eta inkestan erantzundakoak hartu direla kontutan eta gehienek azaldutako kexei erantzuna eman nahi izan zaiela. “Beraz ez esan herritarren beharrak ez direla lehentasuna izan guretzat”.
Aipatu behar da Mariza Zubiri adskribatu gabeko zinegotzia ez dela egon ezta Nerea Artamendi PSE-EEko kidea.
Bertan behera emandakinak
Hauen ostean hika mika eta alderdietako ordezkarien hitza hartzea etengabekoa izan da. Izan ere, PSE-Eek aurkeztutako emendakinak izan dira aztergai eta denak bertan behera geratu dira.
Parte hartze saileko diru partida ez igotzea eskatu du PSE-EEk, honakoa beharrezkoa dela azaldu dio Alaitz Mendizabal saileko buruak “parte hartze teknikaririk ez dagoenez, aurreikusitako prozesuak gauzatzeko beharrezkoa dugu kanpoko enpresa baten kontratazioa”.
Kale Nagusiko bi etxebizitzen salmenta gelditu eta goiko trastelekuekin batera saltzea eskatu du PSE-EEk horrela etekin gehiago izango dela argudiatuz.
Aipatutako 3milioi euroekin egin ahal ziren inbertsioak azaldu ditu Zaballosek jarraian hainbat emendakin bidez: Michelingo futbol sala zelaiaren alboko itxiera egitea, Basaundiko berurbanizatzea, Pablo Garaikoetxea eskolako lehioak aldatzea, Basaundi eta Urbarte guneetan bi komun publiko jartzea, Goikaleko 22.a berrurbanizatzea, Zabaletako aldapa konpondu, Arranbiden dagoen lokala gaitu erabilera sozial eta kulturalerako, Michelingo zelaian lokal bat gaitzea taberna bat jartzeko aukera izateko, Uistin kalean aparkaleku gehaigo sartzeko lanak egitea, Karmengo ama birjinaren eliza berritzea, parkeak berritzen joateko diru bat gorde, asfaltatzeko kanpainak egiteko dirua ere gordetzea.
Kulturari dagokionez, Manuel Lekuonako proiektore digitala ez erostea proposatu du PSE-EEk. 110.000 euro horiek “behar garrantzitsu batzuetara bideratu behar direla iritzita”. Boris Nogalesek proposamen hori egitea pena ematen ziola esan zuen izan ere, zinea digitalizatu ezean, ezin izango baitira azken filmeak ekarri herrira “eta atzera pauso bat litzateke”. Kulturan ibertitu egin behar dela ere azpimarratu zuen Nogalesek eta kasu askotan ez zaiola behar besteko garrantziarik eman “hain esparru garrantzitsua izanda”.
Bestalde, herriko hainbat elkarteri kulturak emandako diru laguntzak berdintzeko, eskatu zuen Zaballosek, Nogalesek elkarte guztiekin dauden hitzarmenak lantzen ari direla azaldu zuen eta irizpideak finkatuko direla diru banaketa aurrerantzean egiteko.
Festak sailean materiala alokatzeko partida eta diru laguntzak kentzea eta murriztea eskatu du PSE-EEk eta Taxiok hauek beharrezkoak direla defendatu du. Batetik beste herriek oholtza uzteko jartzen dituzten arazoak medio eta bestetik jai herrikoiak antolatzeko herriko elkarteen parte hartzea sustatzea oinarrizkoa dela irizten dutelako.
Ibilaldia, Araba euskaraz, Herri urrats eta Nafarroa oinez jaialdietara bideratutako dirua kentzeko eskatu du ere PSE-EEk bertan behera geratuz.
Azkenean Bilduk presazko hiru emendakin sartu ditu. Lehenengoa gizarte langilearen titulazio eskakizuna ez da aurrera atera PSE, EAJ eta PPren aurkako bozkengatik. Beste biak ahobatez onartu dira alderdien kritikak jaso arren. Herrian aparkaleku beharraren inguruan azterketa tekniko bat egiteko 12.000 euro bideratuko dira eta Zumaburuko eskolako segurtasuna hobetzeko diru bat ere adostu da.
Inbertsiorako aukera
Alkatea oso pozik agertu da gizarte zerbitzuak indartzen dituen aurrekontuarekin. Ekonomiaren berraktibatzea eta bazterketa egoeraren aurkako borrokan tresna direlako. Errepideak asfaltatu, argiteria berritu, haurrentzako parkeak berritu egingo dira besteak beste. "Orain artean inbertsio asko ezin izan dira egin, aurten 1.072.564 euro inbertituko dira”. Tximistarretan jarriko den haur parkea, Zumaburuko ikastetxeko larrialdi irteera eta Garaikoetxea ikastetxeko jangelako zimenduak, Zabaleta berriko auzo elkartea dira egingo diren batzuk. Hirigintzako udal bulegoen birgaitzea bere erabilera publikorako moldatuko da. Sasoetako bajuen eraispena eta urbanizazioa egingo da, Udaletxeko birgaitzeak, Bidegorria Donostiarekin lotura.
Udal kiroldegi berri baten proiektua ere burutuko da. Kulturan 126.443 euro inbertituko dira, musika instrumentuetan, funts bibliografikoan, arte eszenikoetarako ekipamenduan, kultur etxeko auditoriorako ikus entzutezko ekipamenduetan.
Kirolean 93.031 euro inbertituko dira, Gazterian 30.550 euro, altzari eta ekipamenduan 53.432 eta azkenik beste 10.000 euro bi konpostagune berri jartzeko.
Udalak bere webgunean jarri ditu aurrekontuaren zehaztasunak.