Udalbatzarrak azken asteetako eraso sexitak gaitzetsi ditu

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 8a

Gaur arratsaldean, ohiko udalbatzarra burutu da. Honetan 2013 urteko ekitaldiari amaiera emateko hainbat ekonomia kontuen berri eman da. Pablo Garaikoetxean jangela eraikitzeko lehen pausoa eman da eta genero indarkeriaren aurkako premiazko mozioa ere aurkeztu dute alderdi guztiek.

Lehenik, Ogasun batzordeko buruak Estitxu Alkortak 2013 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierrak, diruzaintzako kontuen errejistroa eta 2013ko ekitaldiko likidazioa azaldu ditu.

Honela, 1.243.284,23 eurotako likidazioa dagoela azaldu du. “Sarrera arruntak 20.827.016,66 euro izan dira eta gastuak berriz, 19.516.300,93 euro” Diruzaintzako gerakina 1.849.719,03 eurotakoa dela eta 2014 urtean aurreikusitako gastuei aurre egiteko balioko duela adierazi du.

Gainera, 2013. urteko ekitaldirako aurreikusia zegoen mailegua eskatu ez dela ere azpimarratu du.

Era berean, 2014 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri ere eman du. Hauen bitartez Tximistarretako urbanizazioa eta hainbat asfaltatze lan egingo direla gogoratu du.

Jangela

Bestalde, Pablo Garaikoetxea irakaskuntzarako ekipamenduaren xehetasunezko estudioaren aldaketa dokumentua ere onartu dute alderdiek, PPren abstentzioarekin.

Nerea Sanchez, Hirigintzako buruak azaldu duenez, Hezkuntza eta Landaberri ikastolarekin hainbat bilera egin ostean, Udalak proiektua beregain hartu du eta xehetasun azterlan bat egin du. “Honela, 260 metro karratuko jangela izango da eta solairu batekoa”. Udalak gainera zimenduak jarri behar dituela jakitera eman du.

Genero biolentzia

Hau guztiaz gain, azken asteetan herrian jazo diren genero biolentzia erasoak direla eta, premiazko mozioa aurkeztu dute alderdi guztiek eta aho batez onartu da hau.

Honetan, erasoak gaitzetsi eta egoera horretan dauden emakumeei salaketa jartzea eskatu diete.

Honetaz gain, bihar 19:00etan Okendon herriko emakume talde batek antolatu duen elkarretaratzearekin bat egin eta herritarrei honetan parte hartzeko gonbita egin diete.

Azkenik, galdera eta erreguen txandan PSE-EEk hartu du hitza. Castells abokatuak bere balorazioa noiz egingo duen eta balorazioa egiteko epea jarriko dioten galdetu du. Izan ere, “16 egun pasa dira Barne batzordea egin genuenetik” eta “60 orrialde irakurtzeko denbora izan du” aipatu du Jesus Zaballos bozeramaileak.

Alkateak oraindik erantzunik jaso ez dutela eta luzatzen bada epe bat jartzea baloratuko dela erantzun du.