Errenta aitorpena euskaraz

Txintxarri Aldizkaria 2014ko api. 9a, 18:14

Diru kontuak gaztelaniaz egin ohi ditugu normalean. Ohitura falta, hitz teknikoak, segurtasun falta... Hala ere, gero eta aukera gehiago dago errenta aitorpena euskaraz egiteko. Buruntzaldeako euskara zerbitzuek errenta aitorpena euskaraz egiteko sustapen kanpaina dute martxan. Honen baitan herritarrek sariak eskuratu ditzakete.

Ba al dakizu zer esan nahi duten sigla hauek? BEZ, JEZ, IFK, PFEZ, OHZ.  Errenta aitorpenarekin lotutako lehiaketa bat jarri dugu martxan sare sozialetan.

Buruntzaldeko Udalek elkarlanean sustatzen ari dira herritarren artean errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera.

Horretarako, autolikidazio proposamena aprobetxatzea da aukerarik egokiena. Proposamena onartu behar denean, telefonoz edo Internetez, galdetu egingo dute euskaraz ala gaztelaniaz egin nahi den. Aukeratu euskara. Handik aurrerako proposamenak eta harremanak euskaraz egingo dituzte automatikoki Foru Ogasunetik.

Bestalde, gure herrian badira profesionalak euskaraz ere zerbitzu ona ematen. Herritarrak behar dituen azalpen guztiak emango dituzte euskaraz ere ulertzeko errentaren aitorpena. “Behin lehendabiziko aldiz eginez gero ez diozu berriro zailtasunik ikusiko”.

Eta, mekanizatuari heltzen badiozu, Hernaniko bulegoan dauden profesionalek gustuz egingo dizute aitorpena euskaraz.

Horrekin lotuta, errenta aitorpenarekin lotutako lehiaketa bat jarri dute martxan Buruntzaldeako euskara zerbitzuek Buruntzaldea Euskaraz Facebook orrialdean. Parte hartu, eta erantzun egokia emanez gero, bi sari hauen artean aukeratu ahal izango da:

• Andoaingo Basteron, ekainaren 7an Benito Lertxundiren kontzerturako bi sarrera.

• Astigarragako Ipintza sagardotegian bi lagunentzako bazkaria edo afaria.

Lehiaketan parte hartzeko, lehendabizi Facebook orrialdean atsegin dut sakatu behar da eta horren ostean, ondorengo galdera honi erantzun: Errenta aitorpena egitea egokitzen zaigun tarte honetan, ba al dakizu zer esan nahi duten sigla hauek? BEZ, JEZ, IFK, PFEZ, OHZ

Erantzun guztiak Facebook-eko iruzkinen atalean idatzi behar dira. Apirilaren 25ean asmatzaile guztien artean zozketa egingo dute.