Aterpeak bazkide kanpaina hasi du

Txintxarri Aldizkaria 2014ko apirilaren 10a

Gaur eguerdian Aterpea elkarteak, Udalaren babesarekin, bazkide berrien kanpainaren berri eman du.

Aterpea elkarteak bazkide kanpaina berria jarri du abian. Lasarte-Oriako komertzio, ostalari eta zerbitzu enpresei eskutitzak bidali dizkie elkartearekin bat egin dezaten.

Ramon Ormazabal, Aterpeako lehendakariak, azaldu duenez, Lasarte-Oriako ekonomiaren %70 edo %80a komertzio, ostalari eta zerbitzu enpresek osatzen dute. "Beraz, oso garrantzitsua da denok batera lan egitea".

Ormazabalek bazkideek hilabetean 10 eurotako kuota ordaindu eta honek bazkideei hainbat onura eskaintzen dizkiela adierazi du: ikastaro, zerbitzu, informazio eta Udala edo Caja Ruralekin dituzten hitzarmenen parte izatea.

Dioni Avila, Merkataritza teknikariak, Udala eta Aterpearen elkarlana garrantzitsua dela azpimarratu du. Udalak Aterpearekin lanean jarraitzeko konpromezua berretsi du eta bazkide egitera animatu ditu komertzio, ostalari eta zerbitzuak.

Bazkide izan nahi duten komertzio, ostalari eta zerbitzu enpresek 637 955 030 zenbakira deitu behar dute.