Herritarrak Manuel Lekuonan biltzera deituta zeuden larunbat eguerdian. Besteak beste, Kukuka, Xumela, Patxi Etxeberria bertsolaria, Jon Lasa eta Lierni Arozena musikariak izan dira oholtzan; aurkezle lanetan Maider Segurola.
Gorka Lasa GED-ko kideak hartu du hitza ekimenak sentsibilitate eta ideologia guztien "topagune" izan nahi duela adierazteko: "Gutako bakoitza Durango eta Iruñea lotuko dituen katebegi bat gara, koloretsua, desberdina, anitza".
Sinatutako manifestuaren zati batek honela zioen: "Baliteke, hemen elkartu garenok Euskal Herriarentzako proiektu nahiz egitura ezberdinak nahi izatea. Beharbada, hemen gauden guztiok ez dugu gure herriarentzako etorkizun bera amestuko. Baina denok onartzen dugu Euskal Herria izango den hori, euskal herritarrok erabaki behar dugula. Horretan denok egiten dugu bat, gaur eta hemen".